argia.eus
INPRIMATU
Euskal liburu azokaren 38. edizioa egingo dute Lazkaon
  • Gerriko kultur elkarteak antolatuta, urteroko azokarekin hitzordua dute lazkaotarrek, abenduaren 16,17 eta 18an. Musika emanaldiak, tailerrak eta buruhandiak ere izango dira asteburuan.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 14a
Lazkaoko liburu eta disko azokaren 38. edizioa egingo dute. /Argazkia: Goierri telebista

Azoka ofizialki ostiralean hasiko bada ere, dagoeneko hasi dira liburu batzuk aurkezten. Asteazkenean Lurdes Ulazia eta Ana Santiagok Txokomates. Txokolate zaporeko mate laborategia liburuaren nondik norakoak azalduko dituzte, Gerriko liburu dendan, 19:30ean.

Gerriko liburu dendak Lazkaoko plazako pilotalekura aterako ditu liburu eta diskoak. Ostiralean 16:30ean emango diote hasiera azokari, eta egongo dira giroa goxatzeaz ere arduratuko direnak: ostiralean bertan Lazkaoko Musika Bandak Gabonetako kontzertua egingo du 19:00etan, eta larunbat eguerdian buruhandiak aterako dituzte.

Igandean ere azokara gerturatzen direnek topatuko dute zeregina: 12:30etatik aurrera Maider Urretabizkaiaren eskolako Sormen Artistikoko ikasleek tailerra eta erakusketa eskainiko dute.

Azokan salgai jarriko diren lanek %15eko deskontua izango dute, Lazkaoko Udalaren ekarpenari esker.