argia.eus
INPRIMATU
Euskal LGTBI+ Behatokiak eskatu du lege integral bat eratzeko EAEn
  • Eusko Legebiltzarrari eta EAEko LGTBI+ elkarteei proposatu die elkarrekin mahai bat osatu eta legea egiteko. Helburua da kolektiboko pertsonen eskubideek “estalki” bat izatea eta diskriminaziotik babestea, besteak beste.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 27a
Ekainaren 27an aurkeztu dute lege integrala egiteko proposamena. / Argazkia: @barrenetxea

Harrotasunaren Egunaren bezperan aurkeztu du Euskal LGTBI+ Behatokiak lege integral bat egiteko proposamena. Eusko Legebiltzarrari eskatu diote LGTBI+ kolektiboko pertsonen eskubideak babesteko eta LGTBfobia baztertzeko lege bat egiteko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako. Gogorarazi dute Espainiako Estatuan Ceuta eta Melillarekin batera autonomia erkidego bakarra dela horrelako legerik edo aurreproiekturik ez duena (Nafarroan 2017an adostu zuten testua).

LGTBI+ pertsonen diskriminazioa eragoztea da legearen helburuetako bat, eta kolektiboko pertsonen giza eskubideek “estalki” bat izatea. Horretarako, proposatu dute mahai bateratu bat osatzea Legebiltzarreko taldeek zein EAEko LGTBI+ elkarteek, irailetik aurrera denon artean testu bat osatzeko. Lege proiekturako proposamen zehatzak aurkeztu ditu Behatokiak, eta webgunean ikusgai jarri dituzte xehetasunak. Besteak beste, azpimarratu dute legeak jaso behar duela kolektiboko pertsonen bazterketen prebentzioa, eta ohartarazi dute gorroto diskurtsoak eta delituak ugaritu egin direla azken boladan.