argia.eus
INPRIMATU
Euskal letren asteburua egin du Literaturiak Zarautzen
  • Ostiraletik igandera Literaturia jaialdia egin dute Zarautzen (Gipuzkoa) (B)egia izenburupean. Booktegi webgunea omendu dute antolatzaileek. Hiru ikuskizun estreinatu dituzte, denak Literaturiarako beren beregi sortuak.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 27a
Ostiraletik igandera egin dute 2024ko Literaturia Zarautzen.

Literaturiak 2009an hasi zuen ibilbidea Larrabetzun (Bizkaia), euskal literatura ikusaraztea helburu zuela. 2015etik aurrera, Zarautzen antolatu da.

Ostiral gauean Mari Luz Esteban idazleak hasiera eman zion jaialdiari. Modelo aretoan Literaturiarako prestatutako manifestua irakurri zuen. Haren ondoren Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak hartu zuten oholtza. Jaialdirako prestatu zuten (B)egira! antzezlana eskaini zuten.

Larunbata ohiko liburu azokarekin hasi zuten. Egun osoz hainbat argitaletxek postuak izan zituzten Lege Zaharren enparantzan, eta goizean Booktegi webgunea omendu zuten. Antolatzaileek urtero euskal literaturaren alde lan egiten duen talde, pertsona edo egitasmo bat omentzen dute. Ondoren, itzultzaileak jarri zituzten mahaiaren inguruan, eta haien ofizioaz aritu ziren Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondo. Modelo aretorako bidea hartu zuten, arratsaldez, hurrengo estreinaldiaz gozatu nahi zutenek. Patxi Zubizarretak sortutako Inuksuit ikuskizunean bildu ziren sortzaile hauek: Patxi Zubizarreta,Maddi Oihenart, Antton Valverde, Mintxo Cemillan eta Malen Fernández de Larrinoa.

Gauak Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko ikuskizuna eskaini zuen, Gotzon Barandiaranek argitaratu berri duen poesia liburua oinarri. Taula gainean aritu ziren ondokoak: Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco, Amaia Garcia eta Lander Bilbao.

Igandean bukatu zen 2024ko Literaturia, Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua saioaren eskutik. Gorka Arrese, Harkaitz Cano eta Maite Larburuk aurkeztu zuten.

Itziar Iruretagoiena Literaturiako antolatzaileetako bat da eta berak egin digu asteburuaren balorazioa. Oso pozik daude izandako harreragatik. Antolatutako ekitaldietan jendea gerturatu dela adierazi du eta ikuskizunen feedback positiboa jaso dutela esan digu. Ekitaldi jendetsuenak (B)egira antzezlana, Patxi Zubizarretak sortutako Inuksuit eta gaueko Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko ikuskizunak izan ziren. Liburu azokara ere, larunbat osoz irakurleak liburuak ikusi eta erostera gerturatu ziren, baita liburu aurkezpenak entzutera ere.

Booktegi webguneari omenaldia. Saria jasotzen Aritz Branton. Argazkia: Literaturia.
'(B)egira' antzezlana eskaintzen. Argazkia: Literaturia.
'Presbiziak lagundu omen digu' poesia liburua aurkezten. Argazkia: Literaturia.
'Inuksuit' ikuskizuna. Argazkia: Literaturia.