Koronabirusaren krisiak euskal kulturgintzan eragin duen egoera larria ikusarazteko, apirilaren 21ean eta 22an greba digitala egiteko deia zabaltzen ari da: bi egun horietan sarean eduki kulturalik ez partekatzeko eskatu dute. Sortzaileak, bitartekariak, hedabideak, hezitzaileak eta oro har herritarrak daude deituta itzalaldi digital horretara.
“Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara”, dio kulturgintzan.eus webgunean sartzean irakurtzen den lehenbiziko esaldiak. Lerro hauek idazteko momentuan 302 lagunen atxikimendua jaso du dagoeneko apirilaren 21erako eta 22rako deitutako greba digitalak.
Covid-19aren pandemiari aurre egiteko erabakien artean programazio kultural guztiak bertan behera geratu dira eta erabaki horrek alarma guztiak piztu ditu lehen ere prekarioa zen euskal kulturgintzaren alorrean. Egoera larria da eta, horretaz jabeturik, kulturgintzan diharduten hainbat eragilek erakunde publikoetara jo dute laguntza eske. Baina “udal batzuek salbu, gainontzekoek muzin egin diote gure proposamenari”, azaldu dute. “EAEko Jaurlaritzak, esaterako, ez duela kulturgintzaren ezaugarri bereizgarriei erantzuteko neurririk hartuko erantzun digu”.
Hain justu, asteazken goiz honetan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak adierazi du kulturan "gaizkien pasatzen ari direnentzako" diru laguntzak emango dituztela. Greba-deialdian irakurtzen dena ikusita, laguntza horiek sektorearekin adostu gabeko zerbait izango direla dirudi.
Hiru helburu dituen itzalaldia
Itzalaldi kulturalaren deialdia sektoreko katebegi guztiei zuzendu zaie, sortzaileetatik hasita, herri mugimendu, erakunde publiko, ekimen pribatu, industria, hedabide, hezitzaile, guraso eta oro har, kulturazale den pertsona oro inplikatu nahian.
Euskal kulturgintzari buruzko gogoeta eta eztabaida piztu nahi du ekimenak. “Konfinamendu egunotan inoiz ez bezala” hurreratu da jendea euskarazko sormen lanetara deitzaileen arabera eta, egoera hori baliatuz, zenbait galdera proposatu dituzte, adibidez, zein balio ematen zaion bertan eta bertako hizkuntzan egiten den kulturgintzari; egunerokoan zein garrantzia duen; zenbat kultura kontsumitzen dugun; eta ea sektore horretan ari diren langileen prekarietateaz ohartzen garen, besteak beste.
Gogoeta horretatik abiatuta, neurri zehatzak ere eskatu nahi dituzte: “Covid-19aren larrialdiak eragin(go) dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratu eta horiei atoan erantzun diezaietela eskatzea Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei”, irakurtzen da aipatutako atarian. Larrialdi egoerarako neurri horiekin batera, “epe ertain-luzerako bestelako proposamenak” ere plazaratu nahi dituzte greba digitalaren sustatzaileek.
Hirugarren xede bat ere jarri diote datorren asteko ekimenari: larrialdi egoerak aukera ematen duenean, Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileak deitzea “mahai/bilera/topaketa... bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko”.