argia.eus
INPRIMATU
Euskal kulturari plaza berri bat eskaintzera dator Sormene jaialdia
  • Maiatzaren 12an hasi eta 15era arte iraunen du jaialdiaren hirugarren edizioak, Galdakaon. Antzerkia, bertsolaritza, literatura, kultur-sorkuntzen azoka zein kontzertuek osatuko dute egitaraua, euskal kultura jarri dute lehen lerroan. Irizarren izarrak obraren bidez, Juan Karlos Irizarri eginen diote omenaldia igandean.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 12a
Jaialdiaren aurkezpena (Argazkia: Galdakaoko udala)

Goiz honetan abiatu da igandera arte iraunen duen Sormene jaialdiaren hirugarren edizioa Galdakaon. Euskal kulturak hartuko du Kurtzeko plaza, eta antzerkia, bertsoak, kontzertuak zein azoka, izanen da zer egina ondoko egunetan. Demagun, bertso-saio literarioa osatuko dute Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariek gaur, Oier Guillan idazleak jarritako gaiei segi.

Euskarazko kulturgintzaren transmisioa ardatz, aitzineko edizioetako abiapuntu eta helburu bertsuekin abiatu dute udaberri honetako programazioa.

 #Mauriziakezdauinorhil ikuskizuna plazaratuko dute bihar 21:00etan Ines Osinagak, Lorea Argaratek eta Olatz Salvadorrek. Feministaldiaren baitan plazaratu zuten ikusgarria iazko azaroan:

Juan Karlos Irizar, omendurik

Igandean 13:30ean Kurtzeko plazan, Juan Karlos Irizar musikari eta konpositore zenari omenaldia eginen diote. Kontzertu horretan izanen dira Da Capo musika banda, Ad Libitum txistu banda eta Maximo Moreno musika eskolako abesbatza.

Iazko apirilean zendu zen Galdakaorekin harreman estua zuen artista oñatiarra. Besteak beste, hark sortua da 1937ko bonbardaketa gogoratzeko konposatutako Galdakaoko oroimen historikoa obra multzoa. Herriko musika bandaren zuzendaria ere izan zen hogei urtez.

Antolatzaileek gaurdanik zehaztu dute udazkenean ere hartuko dutela herriko plaza. Zehazkiago azaroaren 10etik 13ra, beti ere euskal kulturaren transmisioaren alde eragiteko helburuari segi.