Euskal kultura ikustaraztea da festibalaren helburua. Apirilaren 9tik 24ra hamaika ekitaldi izango da Bilboko hainbat txokotan.
Primaderako Festibalaren II.edizioa antolatu du Loraldia elkarteak apirilaren 9an hasi eta 24ra arte. Euskal kultura ikustaraztea eta euskal kulturaren erreferentea sortzea da festibalaren helburua. “Euskal kulturaren topaketa ikusgarritzat” jo dute antolakuntzako kideek, “Bilboko bihotzetik mundura begira abiatzen den sormenaren festa emankorra”.
Hamasei egunez euskarazko ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. Musika, dantza, antzerkia, bertsolaritza, literatura, zinema, artea…hamaika ikuskizun izango dira Bilboko hainbat txokotan.
Azkuna Zentroa, Arriaga Antzokia, Guggenheim, Campos Aretoa, Kafe Antzokia, Itsasadarra Itsas Museoa, Rekalde Aretoa, La Fundicion, La Ribera kafetegia, Cafe Bar Bilbao eta Elkar dendak euskal kulturaren erakusleiho bihurtuko dira.
Era berean, Loraldiak eta Athletic Fundazioak “futbola pentsatzen” gaia duen bi minutuko film laburren lehiaketa antolatu dute. Irabazleak 1.200 euroko saria izango du, eta apirilaren 6ra arte aurkez daitezke ikus-entzunezkoak.
Sarrerak ikuskizun bakoitza egingo den aretoko leihatilan edo webgunean eros daitezke.