Euskal kulturaren udaberriko hitzordua hastear da Bilbon. 30 emanaldi eta 150 sortzaile baino gehiago bilduko ditu 32 egunetan. “Berritzailea eta bizigarria” egiteko asmoa dute antolatzaileek.
Primaderako Festibalaren III. Edizioa ospatuko da martxoaren 7tik apirilaren 8ra. Egitarau zabala eskaini dute aurten, askotariko ikuskizunekin, horien artean musika, literatura, antzerkia edo bertsolaritza, besteak beste. “Negu eta udaberriaren zubia” izango dela adierazi dute.
Ez dok hiru! Patxo Telleria eta Mikel Martinezen antzerki ikuskizunak irekiko du jaialdia, Arriaga antzokian. Hortik aurrera, hamaika euskal sortzailerekin gozatzeko aukera izango dute kultura zaleek: Izaro, Kirmen Uribe, Miren Amuriza, Xabi Solano, Kattalin Miner eta beste asko. Mikel Urdangarin eta bere bandaren Eskutik Eskura emanaldiarekin amaituko da, Campos antzokian.
Berrikuntzak dakartza aurtengo Loraldiak. Jaialdiaren laguntzailea izateko aukera eskaini dute, Lorazainaren figurarekin. Loraldiaren atarian izena ematen dutenekin komunitate bat egingo dute. Loraldia Eskola izeneko proiektua ere martxan jarri dute: 10 eta 11 urteko 106 ikasle ikuskizun bat prestatzen aritu dira hogeita bi astez luzatu den ikastaroan. Emaitza festibalean aurkeztuko dute.
Honekin guztiarekin “euskal kultura modernoaren striptease” bat egiteko asmoa dute Loraldiaren antolatzaileek, “emozio festa bat”.