Kontzertuak, arte grafikoak, sorkuntza tailerrak, dantza emanaldiak eta erakusketak antolatuko dituzte besteak beste Black&Basque jaialdian. Baionan irailaren 12tik 14ra izango da. Helburua: kultura trukaketa, elkar ezagutza eta elkartasuna sustatzea, bi kulturak eszenatoki berean batuz.
Moustic, RKK eta Rapsoderen kontzertuek emango diote hasiera ostiralean gaueko 20:00etatik aurrera. Larunbatean Damba, Art Melody edo Flox taldeak arituko dira, eta igandean Sister Simone&The Holy Balls, eta Gramme taldeen kontzertuak izango dira.
Eskaintza musikalaz gain, Euskal Herriko Laborantza Garanbarak piknika antolatu du larunbat eta igandean. Bertan tokiko, sasoiko eta kalitatezko ekoizpeneko produktuak aurkituko dira.
Jaialdiaren egitarauak Jose Luis Zumeta margolariaren erakusketa ere jasotzen du. Erakusketa Baionako Bonnat Laukian dago abuztuaren hasieratik eta irailaren 21era arte iraungo du.
JFB Lagunak elkartea antolatzen du Black&Basque jaialdia 2011. urtetik. Kazeta.eus guneak jasotzen duenez, elkartearen helburu nagusia da “kultur ezberdinak hurbiltzea, kalitatezko ikuskizun bati lotuz”.
Jaialdiaren egitaraua festibalaren webgunean kontsulta daiteke. Antolatzaileek bideo hau egin dute Black&Basquera hurbiltzera animatzeko: