Durangoko Azokan, urtero legez Kabi@ digitala gunea aurkituko dugu. Sortzaileek egiten duten lana ulertzeko aukera zuzena eta eraginkorra dira guneak. Baina zergatik gerturatu Kabi@ra? Askotan soinua, literatura, ikus-entzunezkoa, jokoa... kategoriek digitala izan dezakete euskarri edo bitarteko tresna, baina sortzailearentzat aldagai horrek ez du bestelako garrantzirik. Kabi@n aurkezten diren sortzaileentzat, ordea, eremu digitala ez da soilik bitartekoa, sorkuntza materiala da berez, eragin behar den eremua, edota egindako lanaren izaerentzat beharrezkoa ikusten dena. Horregatik da hain anitza Kabi@, eta bertan ikus ditzakegun emaitzak bizi dugun mundu digital garaikidearen isla dira.
Interesgarria da Durangoko Azokan gune hau izatea eta eztabaida kritikoa aurkezpen eta mahai-inguru gehienetan txertatzea, euskal eremu digital oso osasuntsu baten seinale baita. Elkarrekin pentsatzeak mundu ikuskera berriak eraikitzeko aukerak dakartza, eta horrek, gauzak beste modu batera egiteko aukerak. Zer da ederragoa, bizitza erdian jarrita, hobetzeko aukerak ikusten dituen gizarte bat baino? Aukerak ikustea etorkizunera baikortasunez eta gogoz begiratzea da.
Adimen artifizialak hezkuntzan izango duen eragina, sareetan euskalgintzaren inguguruko ikerketa, irisgarritasuna handitzeko gailua, sortzaileen tresnak elkarbanatzeko plataforma, euskal irakurleen komunitatea, pertsonak publizitategai bilakatzen ez dituzten tresnak, pentsatzen jarraitzeko fikzio espekulatiboa lantzen duen irratia, digitalizazioak bizitzan duen eragina hobeto ulertzeko hezkuntzarako baliabide kritikoak, nerabeekin teknologiaz hitz egiteko gurasoei lagunduko dien gida, 3Drako sorturiko musika, bidojokoak... Bi egunetako programan hau dena jaso baldin bada, zer ez da egongo hor kanpoan!