Frantziako Hezkuntza ministro Jean-Michel Blanquerrek hizkuntza gutxituen kontra egin dituen eraso “gogorrak” gaitzestea da protestaren xedea.
“Ikasgaien erreforma lizeoetan, Batxilergoaren erreforma, brebeta azterketa ezin osoki euskaraz egin…”. Euskalgintzako eragileen arabera, horiek adibide batzuk besterik ez dira, baina, oro har, Frantziako Gobernuko Hezkuntza ministroa Jean-Michel Blanquer denetik, “gogortu” egin dira estatu osoan “lurralde hizkuntzen” kontrako erasoak, eta Euskal Herrian ere agerikoak dira horien ondorioak. Horregatik, Euskal Konfederazioan gaur goizean egindako agerraldi batean, dei egin dute beste hainbat hizkuntzatako ordezkariekin batera antolatuta egingo den mobilizazio batean parte hartzera; hilaren 30ean izango da, Parisen, 11:00etan.
Protesta, zehazki, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak antolatua da. Euskararen alde ari diren eragileez gain, bertan daude, halaber, estatuan mintzatzen diren gainerako “lurralde hizkuntzen” sustapenean ari diren taldeetakoak. Adierazi dute “desagertzeko arriskuan” daudela, Frantziako agintariek usu indarrean jartzen dituzten politiken ondorioz, eta ezinbestekoak direla neurri eraginkorrak. Horren aldarria egin nahi dute Parisen egingo duten protestan.
Mobilizazioan parte hartzeko autobusak Ipar Euskal Herri osotik ateratzea da asmoa.