argia.eus
INPRIMATU
Euskal Konfederazioa
“Izaera politikoa duen arazoa, politikoki konpondu behar da”
  • Seaskako Kolegioko ikasleek brebeta deitua egin berri dute, euskaraz egin ere. Zientzietako azterketak egin dituzte, euskaraz egiteko eskubidea aitortu ez arren. Kari horretara, iaz bezala, Hezkuntza Errektoretzak azterketen kopiak Bordelera eraman ditu “bahituta”.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 05a
Brebeta euskaraz egitearen aldeko protesta bilkura Donibane Lohizunen, kopiak Bordelera eraman ondorenean. (Argazkia: Bob Edme).

Hainbat irakaslek euren artezketak bahitu dituztelako, Donibane Lohizuneko Akademia Ikuskaritzaren ordezkaritzaren egoitzan protesta egin zuten. Era berean, Amaia Saez irakasleak salatu duenez, zientzietako azterketa frantsesez egin behar izatea “hautu politiko hutsa” da.

Kari horretara, Euskal Konfederazioak Frantziako Hezkuntzak euskararen bazterketa linguistikoa aplikatzen segitzen duela adierazi du ohar baten bidez. Hauxe bere funtsa:

Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazioak biderkatu dira ikasturte amaieran: irakasleen greba maiatz hastapenean, elkarretaratzea Akademia Ikuskaritzako Donibane Lohizuneko egoitzaren aitzinean, Biarritzeko Danborrada, Donapaleuko elkarretaratzea eta bilkuraren trabatzea ekainaren 26an.  

Ondorioz, Seaskak 19,5 postu erdietsiko dituela eta murgiltze klaseak ondoko ikasturte sartzean irekiko direla Irisarrin eta Ainhoan.

Alabaina, “zenbat mobilizazio antolatu eta zenbat energia xahutu behar dira Estatuak berak izenpetu hitzarmena errespeta dezan (Seaskaren kasuan) edota zenbat irakasle eta guraso mobilizatu behar Akademia Ikuskaritzak aspaldi adostu murgiltze eredu klase horiek irekitzeko?”, galdetu du Euskal Konfederazioak.  

Euskal Elkargoko hautetsiek aho batez onartu dute euskarazko kalitatezko irakaskuntza. Eta urtero errepikatzen dira euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren inguruko kezkak eta negoziaketak ikasturte berria prestatzerakoan: Gogorregia da urtero gisa berean aritu behar izatea".

Euskal Konfederazioaren erranetan, zerbait lortzea Frantziako Gobernuaren borondate politikoaren araberan dago: “Zentzu horretan argi dugu, aurtengo zailtasunak gaur egungo gobernuak erakutsi postura ideologikoari lotuak direla, pedagogia edo baliabide arazo bati baino”.

Herri Elkargoko hautetsiek aditzera eman dutenez: “Izaera politikoa duen arazoa, politikoki konpondu behar da”, adierazi du Euskal Konfederazioak.