“Eraso eta jokabide hauek demokraziaren irizpideen aurka" doazela adierazi dute prentsa ohar bateratu batean Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak.
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak elkartasuna adierazi diete Pikara Magazine aldizkariari eta Faktoria Lilari. Asteartean Bilboko egoitzetan jasandako pintada faxista eta sexista berriak gaitzetsi dituzte, esanez “demokraziaren irizpideen” aurka doazela ekintza horiek.
Pikarak eta Faktoria Lilak egindako salaketarekin bat egin dute bi erakundeek, eta “adierazpen askatasunaren, hedabideak indarkeriarik gabe aske informatzeko eskubidearen eta mugimendu feministaren aurkako erasoak” ere gaitzetsi dituzte. Bi hedabide horien egoitzan "biolentziak ez du generorik" bezalako esaldiak irakur zitezkeen, eta Faktoria Lilako koordinatzaile Irantzu Varelaren aurkako irainak.