Gotzon Barandiaran Arteaga idazleak eta Rafa Rueda musikariak Hitzen Ahairea hitzaldi musikatua eskainiko dute. 15 kanta aztertu eta zuzenean joko dituzte, bidean galdera honekiko hausnarketak josiz: euskaldunok zeri kantatu diogu?
Badator Ziburuko Liburu eta Diskoen IV. Azoka, ohiko moduan, ekaineko lehen larunbatean, aurten 3an. Euskarak hartzen du egun batez Ziburuko plaza, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako kulturzaleek ederki gozatzen dute euskara hutsezko nobedadeak arakatuz. Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten ekimen honetarako giroa berotzeko, Hitzen Ahairera hitzaldi musikatua antolatu dute: maiatzaren 3an izango da, asteazkenarekin, 18:30ean Ziburuko Baltsan elkartean.
Euskaldunok zeri kantatu diogun aztertuko dute Gotzon Barandiaran Arteaga idazleak eta Rafa Rueda musikariak: Nola kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin (izan) dute kantek euskaldunon iruditerian? Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean? Zein zen kantaren funtzio soziala XX. mendean? Eta gaur egun?
Galdera horiei guztiei erantzuteko, zenbait kantari eta musika taldek erabili dituzten testuak eta kantari eta poeten arteko harremanak jorratuko dituzte. Guztira 15 bat kanta, Barandiaranek azaldu eta Ruedak gitarra akustikoa lagun zuzenean joko dituenak.
Sarrera 5 euroan, eta emanaldi ostean zizka-mizkak.