argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko golkoan goi tentsioko kablea urpetik pasatzeko egindako ikerketak dio lurra ezegonkorra dela
  • Capbretoneko arroila inguruko lurra ezegonkorra dela adierazi du Red Eléctrica de España (REE) eta Réseau de Transport d'Electricité (RTE) enpresen ikerketa geologikoak. Kablea botatzeko ibilbide berrien aukera aztertu bitartean proiektua geldituta badago ere, aurrera egingo duela adierazi dute enpresek. “Megaproiektu energetikoen” aurkako mugimenduek informazio eza eta egitasmoaren izaera kaltegarria salatu dute.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko uztailaren 17a
Proiektuak Gatika eta Cubnezais goi tentsioko kable baten bidez lotzea aurreikusten du. Iturria: Inelfe.eu

Ikerketa geologiko baten arabera, Capbretoneko arroilaren inguruko lurra ezegonkorra da. INELFEk egindako txostena da. Frantziako eta Espainiako Estatuen arteko konexio elektrikoa sustatzen duen enpresa da INELFE, Red Eléctrica de España (REE) eta Réseau de Transport d'Electricité (RTE) enpresen elkartetik sortua. “Azken ikerketek, maiatza hasieran, itsaspeko zoruaren ezegonkortasuna adierazten dute”, dio enpresaren oharrak: “Duela gutxiko itsaspeko luizi bat detektatu zen”. “Ezusteko” aurkikuntza dela eta, arroilaren inguruan ibilbide alternatiboen aukera aztertuko duela iragarri du.

Aurreikusitako egutegiaren arabera, maiatzean obraren diseinu eta eraikuntzarako kontratu nagusiak lizitatu behar ziren, ekainean baimen administratiboak bideratzeko. Urrats horiek bertan behera geratu dira: “Analisi gehigarrien emaitzak eskuratu ondoren burutuko dira”.

INELFEk proiektu erraldoiarekin aurrera egiteko erabakitasuna adierazi du, oztopoak oztopo: “Egoera honek ez du proiektuaren bideragarritasun finantzarioa auzitan jarriko”. REE eta RTE proiektuarekin "konprometituta" jarraitzen dute.

Gatikako Herri Plataformak Bruselaseraino eraman zuen proiektuarne aurkako aldarria 2018ko azaroan. (Argazkia: butroientransicion.org)

Ilunkeria

Megaproiektu Energetikoei erantzuteko Elkar Laguntza Sareak INELFEren jarrera kritikatu du. Itsaspeko kable elektrikoaren proiektuak “arazo larriak” dituela “bi hilabete baino gehiagoko atzerapenarekin” eta “ apenas publizitaterik gabe” onartu duela salatu du. Sarearen arabera, 4.000 metroko sakonerara heltzen den Capbretoneko arroilaren lurzoruko ezegonkortasuna “ez da ez berria, ez harritzekoa, aditu eta GKEntzako”.

Hasi aurretik ere “megaproiektua gelditua dago” sarearen irudiko, “behintzat hilabete batzuetarako”. Horrek obraren aurrekontua handitzea ekarri dezakeela uste du sareak, egun 1.750 milioi eurokoa dena. Enpresa elektrikoak lasaitasuna transmititu nahian ariko lirateke, “inongo oinarririk gabe”. Sareak uste du proiektu osoa bertan behera geratzeko aukerak errealak direla.

Proiektu txikitzailea

Itsaspeko kablearen proiektua erraldoia da. Gatika eta Cubzenais (Frantziako Estatua) itsasotik lotzea da asmoa, 390 kilometroko goi tentsioko kable baten bidez. 1.750 milioi eurotako aurrekontua du, eta Europak 578 milioi euroko diru-laguntza onartu dio. Azpiegitura elektriko bati inoiz emandako handiena. Egitekotan, Espainia eta Frantziako estatuen arteko trafiko elektrikorako gaitasuna ia bikoiztu egingo litzateke,  egungo 2,8 GWetatik 5 GWra pasatuz.

Espainiako Estatu mailako Elkarlaguntza Sareak, Gatikan Autopista Elektrikorik EZ eta Collectif des Associations de Défense de l'Environnement Pays Basque et sud des Landes (CADE) mugimendu herritarrak proiektuaren aurka antolatu dira aspaldi. Proiektua “alferrikakoa” dela, “gaitzeko gastua” duela eta “hainbat arlotan kaltegarria” dela salatu dute. Mugimendu horien ustez, egungo azpiegitura elektrikoak azpiegiturak dauden beharrak eta gehiago ere ase ditzake. Gainera, kostatik kostara helduko litzatekeen energia elektrikoa barnealdera garraiatzeko “autobide elektrikoak” eraikiko lirateke: Euskal Herriari dagokionez Gûelles-Itsaso eta Itsaso-Castejon goi-tentsioko lerroak. Obra horiek denak kalte ekologiko handiak eragingo lituzkete itsasoan zein lurrean. Tartean osasun arazoak ere, kutsadura elektromagnetikoaren ondorioz.