argia.eus
INPRIMATU
Euskal internazionalista bat atxilotu dute Kurdistanen, bonbardatutako eremu bat bisitatu ondoren
  • Eduardo Izarzugaza euskal internazionalista atxilotu dute Kurdistanen, bonbardatutako eremu bat bisitatzetik bueltan zetorrela.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 23a
Newroz eguneko ospakizunen sarrerako kontrol poliziala (argazkia: Zabaldi).

ARGIAk jaso duen informazioaren arabera, Amed probintzian dagoen Lice hiria bisitatzen izan dira hainbat mugimendu internazionalistatako kideak ostegun honetan, hain zuzen zonalde hori Turkiako armadaren bonbapean izan delako azken hilabetean. Euskal delegazioa hamaika lagunek osatzen dute eta haiekin batera daude Kataluniako eta Italiako beste internazionalista batzuk.

Larunbatetik dago Kurdistanen talde hori eta datorren igandera arte han egotea zuten hasierako asmoa. Newroz eguna baliatuz egin dute bidaia, bertako egoeraren berri izateko.

Atxiloketaren unea

Armadaren erasoa jasan duen lekua ikusi ondoren, "segurtasun neurri handiak" aurkitu dituzte irteeran, bertatik informatu dutenez. "Bitan identifikatuak izan ondoren irtetea erabaki dugu", azaldu dute. Baina bueltan zetozela, kontrol batean geldiarazi dituzte.

Bi ordu inguru eduki dituzte, tanketekin eta fusilez armatutako poliziaz inguratuta. Telefono mugikorrak kendu dizkiete, hasieran talde osoa atxilotzearekin mehatxatu dituzte eta Izarzugazarenean ikusitako irudi bat erabili dute haren atxiloketa justifikatzeko arrazoi gisa.

Komisaldegi antiterrorista batera eraman dutela salatu dute gertuko iturriek, non 24 orduz eduki dezaketen atxilotuta abokaturik gabe.

Turkiaren jarreraren erakusgarri

Lerro hauek idazten ari diren unean "esperoan" daude euskal internazionalistak. Abokatuekin hitz egin dute, baita hango diputatuekin ere, baina momentuz ez dago berririk.

Bertatik informatu duen internazionalista batek nabarmendu duenez, Turkiako egoeraren erakusgarri da beraiei gertatu zaiena. "Herri kurduak egunero bizi du hau, baita egoera gordinagoak ere", azaldu du.

Izarzugaza askatzeko eskatu du EH Bilduk

EH Bildu koalizioak Izarzugaza berehala askatzeko eskatu du Twitter bidez.