argia.eus
INPRIMATU
Euskal ikerlari talde batek Covid-19a atzemateko test berria sortu du
  • EHUko hainbat sailetako zientzialari sare batek, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin batera, Covid-19 atzemateko 'RT-PCR' test bat garatu du, 15 euro balioko duena eta emaitzak lau ordutan eskainiko dituena.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 10
(Argazkia: EITB)

"Probak ez du kit komertzialik behar, eta aurreko hornidura arazoak baztertzen dira", nabarmendu du Euskal Herriko Unibertsitateak albiste agentziek zabaldu dutenez, horrekin nabarmenduz hornikuntza arazorik ez dela izango kit horiek ekoizteko, beste test batzuen alderantziz. RT-PCR motako testa da.

EHUk azaldu duenez, PCR da teknika bat material genetikoaren kopuru txikiak handitzen dituena, Covid-19 birusarena kasu honetan, eta teknika horren RT-PCR aldaeran "material genetiko horren hautemate kuantitatiboa ahalbidetzen du, eta, beraz, birusik ez duten eta kutsatuta dauden pertsonen artean bereizteko aukera ematen du".

Sarean dauden 55 ikerlariok beren lanari konfinamenduko lehen astean ekin omen zioten, EHUren laguntza instituzionalaren babesean. Gaiari buruz munduan argitaratutako artikuluen berrikuspen eta horien inguruko eztabaida telematikoen ondoren, ekintza plana diseinatu eta aipatu erakundeetako baliabideekin sei laborategi egokitu zituzten, horrelako ikerlan batek bete behar dituen eskakizun guztiak betez.

Ondoren ekin zioten Osakidetzak Covid-19az diagnostikatutako gaixoen laginekin eta beste hamar egunen buruan lortu dute test berri hau ekoiztea, bere arduradunen arabera "%100eko espezifikotasuna eta %92ko sentikortasuna" eskaintzen dituena. Sentikortasunak kasu positiboak detektatzeko gaitasuna adierazten du, eta espezifikotasunak, berriz, probaren fidagarritasun maila, alegia, zenbateraino emango dien emaitza negatiboa infektatuta ez dauden pertsonei.

Lantalde horrek egindako proba lagin bakoitzak 15 euro balioko duela aurreikusi dute, eta lau ordu baino gutxiago behar ditu erantzuna jasotzeko. Horrez gain, arduradunen esanetan, EAEko beste ikerketa-zentroetako laborategi askotan ere egin daiteke test hau, baita ospitaleetan bertan ere.

Ugo Mayor EHUko Ikerbasque ikertzailearen eta ekimenaren koordinatzailearen iritziz, "test alternatibo hau auzolanean garatzeak ikerketaren eta zientziaren garrantzia azpimarratzen du, bai eta dagokion babes instituzionalarekin horiek gizartearen ongizatean izan dezaketen benetako inpaktua ere".