argia.eus
INPRIMATU
Euskal ikerlari gazteen mapa osatuko dute IkerGazte biltzarrean
  • Ikertzaile euskaldunen ikusgarritasuna areagotu, haien arteko ezagutza sustatu eta euskarazko ikerketa bultzatu nahi dute IkerGazte kongresuarekin. Durangon eginen dute maiatzaren 13tik 15era.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko maiatzaren 11
IkerGaztek jakintza arloen arteko komunikazioa sustatu nahi du

UEUko zuzendari Iñaki Alegriak horrelako kongresu bat egitearen garrantzia nabarmendu du:  “Ohiko unibertsitateetan ez da jakintza arloen arteko komunikazioa sustatzen. UEUk, ordea, historikoki egin duen gaza da”. Egungo ikerlari gazteak oso prestatuak daudela adierazi du eta askok euskaraz ikasi arren, ikerketak beste hizkuntzetan garatzen dituztela azpimarratu du: “Dibulgazio aldetik ikerketak euskaraz egitera bultzatu behar da”.

Miren Josu Ormaetxeberria kongresuko arduradunaren arabera, biltzarrak “ikerketan dabiltzan gazteen bilgunea” izanen da: “Elkar ezagutzeko eta Euskal Herrian egiten den ikerketaren ikuspegi orokorra izateko balioko du”. “Ezinezkoa da ikerketa bakarka egitea, elkarlana ezinbesteakoa da”, adierazi du Ormaetxeberriak.

Euskal ikerlari gazteen mapa osatu nahi dute kongresuarekin. Hala adierazi du Estitxu Garai Eman ikerketa Unitateko kideak: “Ekimenak euskal ikerlari bakoitzak zertan ari den eta zertan den aditua jakiteko balioko digu”. “Premiazkoa da euskaraz ikasten gabiltzan gazteak elkar ezagutzea eta euskal ikerlarien komunitatea saretzea”, gaineratu du Garaik.

Euskarazko ikerketek ez dute curriculumerako balio handirik Garairen arabera: “Ezin dugu euskaraz soilik ikertu. Horregatik, gogor saiatu behar gara gure ikerketa euskaraz egon dadin”.