argia.eus
INPRIMATU
Euskal ijitoei buruzko Ederlezi pastorala Iruñera iritsiko da larunbatean
  • Ederlezi pastorala taularatuko dute larunbatean Iruñean. Antolatzaileen esanetan Zuberoako pastorala Nafarroako hiriburuan ematen den lehenengo aldia izango da.

Ane Lusarreta 2014ko maiatzaren 13a
Ederlezi pastoralak ijitoek Euskal Herrian izan duten ibilbidea aztertzen du. (Argazkia: Mila Agirre)

Ostiralean eta larunbatean bertan, Duguna dantza taldeak, Zaldiko Maldikok, Euskaldunon Biltokik eta Karrikirik antolatua, pastoral berezi honi testuingurua emango dioten hitzaldiak antolatu dituzte.

Ijitoak Euskal Herrian izena jarri diote Iruñeko zenbait euskal elkarterekin batera antolatutako hitzaldi sortari.

Mixel Etxekoparek idatzi eta Nicole Lougarotek zuzenduta, hilaren 17an 17:00etan taularatuko dute pastorala Burgoen plazan.

Egun berean, aipatutako hitzaldian parte hartuko dute biek, eta buhameen eta Euskal Herriaren artean dagoen lotura azaltzeaz gain, pastoralaren sorreraz arituko dira.

Ederlezi Xiru jaialdian aurkeztu zen, eta laster Bilbora ere eramango dute, ijitoen bizipenak azaldu eta gaur egun oraindik ere jasaten dituzten esperientziak kontatzeko.

Gauzak ez dira hainbeste aldatu, Aritz Ibañez Duguna taldeko kideak Berriari adierazi dionez: “XVIII. mendean izugarrikeriak esaten zizkieten, baina gaur egun Manuel Vallsek, adibidez, egurra ematen die”, azaldu du, Iker Tubia kazetariak jasotako hitzetan.