argia.eus
INPRIMATU
Euskal iheslari eta deportatu politikoak IV. Foro Sozialaren ardatz
  • IV. Foro Sozialean iheslari eta deportatuen arazoa landuko dute. Martxoaren 10 eta 11n egingo dituzte batzarrak Donostian eta Hendaian. Bake prozesuaren “blokeoaz” kezkatuta daudela azaldu dute, Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera “larriagotu” baten aurrean. Aurtengo Foro Sozialaren aurkezpenean egin dituzte adierazpenak, Bilbon.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 04a
Foro sozialaren 2014ko edizioa.

Bi batzarretan foro bera burutuko dutela azaldu dute. Lehen aldiz mugaren bi aldeetan egingo dute, bi estatuetako legeek eragiten baitiete preso eta iheslariei. Antolatzaileen esanetan trataera berezia emango diote deportatu eta iheslarien egoerari.

Hainbat legelariren laguntzaz, antolatzaileek bi estatuetako legedietan dauden arazoak identifikatu eta irtenbide posibleak aurkitzearen alde egingo dute. Horrez gain, gizarteko mugimendu eta elkarte ugarirekin bilduko dira, tartean, Sare, Etxerat edo sindikatuekin. Preso eta errefuxiatuen ekarpenak ere lortu nahi dituzte eta EPPK-ko bozeramaileekin bilduko dira, epailearen baimena lortzen badute.

Aipatutako bi batzarretara iritsi aurretik, beste hainbat bilera antolatu dituzte. Urtarrilaren 5ean Usurbilen izango dira, Kalera Kalera dinamikan lanean ari diren hainbat preso ohirekin. Otsailaren 24an, berriz, legelariekin gaia tratatzeko topaketak egingo dituzte Bilbon.

2013an eginiko I. Foro Sozialean presoak modu adostuan etxeratzeko hamabi aholku bildu zituzten. Aurtengo edizioan horietako lau izango dituzte hizpide. Lehena, preso eta iheslarientzat konponbide “oso” bat adostea da, egungo espetxe politika aldatzea. Bigarrena, presoen itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz egitea, eragindako mina aitortuz eta era mailakatuan. Hirugarrena presoak prozesuko “eragile aktibo” bihurtzea da. Laugarrenak, berriz, iheslarien egoera aztertzea izango du ardatz. Ekainetik lanean ari den Gogoetabidea taldeak ere preso eta iheslarien ekarpenak bildu ditu martxoko foroan aztergai izateko.

Armagabetzea hurbilago

Foroaren batzarretan jorratuko ez den arren, prentsaurrekoan ETAren armagabetzearen inguruan ere aritu dira. Luhusoko gertakariei begira “emaitzak” ikus daitezkeela adierazi dute, armagabetzea “hurbilago” dagoela adieraziz. Hori era ordenatuan egitea zaila dela azaldu dute, baina horren aurrean gizarte zibilaren betebeharra azpimarratu: “Blokeoa gainditzeko nahikoa indar eta borondate dago, eta adostasunak lortzeko eremua Euskal Herria da”. Hori aurrera eramateko Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Ipar Euskal Herrian behar dira adostasunak antolatzaileen ustez.