argia.eus
INPRIMATU
Euskal identitatea Interneten: territorio libre berriak sortuz
  • Sareak euskal identitatea ahuldu edo indartuko duen kuestionatzeko garaia igaro dugu. Gizarteak Interneten dioena entzuteko garaia da.

Koldo Dí­az Bizkarguenaga @koldobizkar 2014ko martxoaren 11
(Irudia: Joseba Larratxe)

Tresna berri bat ezarri da gure gizartean azken hamarkadatan. Egunkaria edota telebista ezagutu ditugu aurretiaz, baina hauek ez bezala, Internet espazio bat ere bada. Gizarteak, elkar aurkitzeko gunea du Interneten, hau habitatzen du eta, fisikoki aurrez aurrekoa ez den egote horretan, egiten du: kasu honetan, nazio identitatea eraikitzen du.

Gainontzeko medioek bezala arkitektura zehatz bat dute Interneteko plataformek. Komunikatzeko muga eta arau batzuk ezartzen ditu, Internet askatasun osoz aritzeko gunea beharrean, erabiltzaileak estrukturaren baldintzen baitan aritzeko duen aukera mugatua dela eta, autonomi espazio bezala ulertu behar dugu. Gainera, Interneten bereziki ematen den kontrol soziala edota behatuta egotearen sentsazioa azpimarratu beharra dugu: Foucault jarraituz, “panoptiko digitala” deritzogun hori.

Sistemaren arkitekturak ezartzen dituen mugak kontuan izanik nazio identitate orok Interneten dituen baldintzapen sistemiko hauez gain, gure kasuan, instituzionalki bi estaturen baitan egoteagatik, euskal identitatea eraikitzeko bestelako ezintasunak ere baditugu.

Besteak beste, estatuek dituzten bi digituen bukaerarik (“.es” edota “.fr”) ezin da gurean erabili eta, era berean, euskal herritar moduan erregistratzeko aukerarik ez dugu plataforma askotan. Sarean aurkitzen ditugun eduki gehienak ez dira euskaraz eta erreferente anglosaxoiak dituzten notiziak edo bideoak aurkitzen ditugu batik bat. Azkenik, euskal gai politikoez aritzeko beldurra dute zenbait erabiltzailek (Facebook, euskal identitatea eta gazteria aztergai izan dugun Doktorego Tesian azaldu bezala) aipatutako kontrol sozial espainol eta frantsesagatik.

Ondorioz, euskal identitatearen eraikuntza Interneten (bidez) –espazio eta tresna izaerak kontuaz hartuz– aztertzerako orduan, talde barneko harremanetan (guk-gure baitan ditugun harremanak) kanpoko erakundeek duten eragina identifikatu beharra dugu: Haiek-gu nola eraikitzen gaituzten kontuan izan behar dugu.

Hala ere, Estatuek eta Internetek bere arkitekturagatik ezartzen dituzten muga estrukturalen baitan, hauek ezagutuz eta baliatuz, bestelako nazio identitate eraikuntza logikak garatzen dituzte gaur egungo gizarte eta subjektu erreflexiboek: gure kasuan, euskal gizarteak nazio barneko erreferenteak eta harremanak ardatz izanik (guk-gu), logika propio bat ezartzen du baldintza sistemikoen baitan.  

Azpimarratzekoa da “.eus” domeinua sortu izana: euskal kulturaren inguruko plataformek biltzeko aukera izango dute, egonean eginez, nazio identitatea eraikiz. Bestetik, maila mikro batean, erabiltzaileek euskaldun gisa erregistratzeko ezintasuna duten plataformetan lurraldetasuna edota nazio sentimenduarekin lotura zuzena dituzten izenak erabiltzea (Facebooken “Estitxu Sondikakoa” edota “Estitxu euskalduna” adibidez) bereziki interesgarria da: muga instituzionalen gainetik egunerokotasuneko online harreman sozialen bidez gizarteak euskal identitatea zelan eraikitzen duen erakusten baitigu.

Geroz eta oparoagoa den produkzio kultural euskalduna partekatzen dugu sarean eta gai politikoez (modu tradizional eta makroan ulertuta, izan ere, egungo gizartean politikoa dena baita) hitz egiteko ezintasunak ez du euskal identitatea plano sozial eta kultural batean eraikitzea ukatzen: futbol taldeak, mendia, taberna edota musika bezalako gaiak nagusi dira online sare sozialetan eta nazio identitatearen eraikuntza sozialean. Euskal identitatea muga instituzionalen gainetik Interneten (bidez) ere eraikitzen ahal da: hitz eginez, idatziz, argazkiz, bideoz edota talde atsegiteen bidez (“Hipertestu” deritzogu testu aniztasun honi).

Nazio identitate eraikuntza mota hau fisikoki aurrez aurrekoa baino baliabide gehiagoren bidez ere egin daitekeela esan dezakegu. Baina, kasu. Eraikuntza moduen aniztasunaz ari gara eta ez identitate online eta offlinen konparazioaz: Interneten aurkitzen dugun euskal identitatea ez baita identitate eredu berri bat, orain arte ezagutu dugunaren ezberdina. Online eta offline espazioak uztartuak (“Hiperespazioa” deritzoguna) bizi ditugun garai honetan, Internet eskola edota telebista bezalako beste espazio eta tresna bat da: orain arte ezagututako esfera ezberdinak zipriztindu eta hainbat logika uztartu arren, aparteko espazio bat ez dena. Interneten (bidez) eraikitzen dugun euskal identitatea sozializazio prozesu baten ostean egina da: bizitzan zehar garatutako mundu ikuskera, online espazio eta tresnetan ere aplikatzen dugularik.

Horregatik ezin dira bi espazio eta identitateak bereizi, baina bai ordea eraikuntza modu eta medioen ezberdintasunak aztertuz euskal identitatea Internet aroan zelan eraikitzen den erantzun.

Nazio identitatea eraikia den heinean, identitate pertsonalak (nork) garrantzia izateaz gain, aurrean dugun pertsonak (nori) eta espazioak (non) ezinbesteko elementuak dira. Hori dela eta, plano pertsonal erreflexiboa, erlazionala eta testuingurukoa kontuan hartuz, euskal identitatearen eraikuntza (onlinea) ikertzerako orduan nork-nori-non ematen den aztertu beharra dugu: pertsona, lagun eta Internet plataformaren arabera nazio identitatearen eraikuntza soziala ezberdina izango baita. Facebooken kasuan, lagunek norberaren horman hipertestu edukiak elkarbanatzeko aukera dute, identitatea besteekin eraikitzeaz gain, besteek norberaren identitatea eraikitzen ahal dutela esan dezakegularik.

Internetek, ikergai dugun non honek, estatu zein nazioaren muga geografikoak gainditzen dituela azpimarratu beharra dugu: gaur egun arte, nazio identitatea leku jakin baten baitan eraiki izan da (estatu, nazio edota diasporako egituretan), baina Interneten egonkortzearekin espazio online edo hodeian ere eraiki daiteke.

Mundu mapako edozein lekutan dauden euskal biztanleek hodeian elkartu eta, herri bakoitzaren eragin estrukturalak medio, nazio identitatea eraikitzeko aukera dute. Nazioa edota estatuaren eragin instituzionala mantentzen den arren, hauen muga geografikoak birdefinitzen dira: hauez gain, harreman sozialek eta nazio identitate erreferenteek ezartzen dituzten muga sinboliko batzuen baitan baitaude egun. Ondorioz, nazio identitatearen eraikuntza offline eta onlineak uztartzen diren territorio bat osatzen da Internet aroan, Joseba Kamiok izendatu bezala, Nazio Digital bat.

Internet garaian taldetasuna ulertzeko modua ere transformatu da. Nazioa edota komunitatea, kolektibo txiki askok osatuta dago egun eta hauetariko kide izateko aukera gehiago ditugu: Facebooken kasuan, nazio identitate erreferente ezberdinak ardatz dituzten talde adskripzioen bidez.

Euskal gizartean ez da nazioa eta nazio identitatea elementu soil bakar baten bidez bizitzen, definitzen ezta ulertzen Internet garaian. Erreferente baten baitan antolatzeak ez du komunitate bereko beste kolektibo batzuen kide izatea oztopatzen: aldi berean euskararen aldeko antolakunde eta kirol talde jakin baten partaide izatea erraz uztartu daiteke Facebooken “klik” soil baten bidez. Beraz, gaur egun, nazioa, komunitate eredu bakar, uniforme eta “koherente” batetatik, “eztabaidan” dauden kolektibo askoz (nazio identitate erreferente ezberdinak ardatz dituztenak) osatutako eredu batera igarotzen da biztanleen talde adskripzio masiboengatik.

Honengatik guztiagatik, Internet askatu edo bahitu edota euskal identitatea ahuldu edo indartuko duen tresna ote den kuestionatzeko garaia igaro dugu. Gizarteak nazio identitatea nola eraikitzen duen erantzuteko unea dugu. Espainiar edota frantses gisa erregistratzeko derrigortasunaren aurrean, maila mikro batetik euskaldun moduan aritzeko irtenbideak sortu eta egunerokotasuneko harreman sozial hauek bilduz eta antolatuz, dimentsio soziokulturaletik, maila makro batean “.eus” bezalako espazioetatik ikasi beharra dugu. Muga geografikoak gainditzen diren aro honetan euskal nazioak gainontzeko nazio eta estatuen parean lortu duen lekua identifikatu eta etorkizunean izan dezakeen estatusaren inguruan hausnartzeko unea heldu da.

Azken finean, euskal gizartea entzuteko, mantentzen dituen harremanetatik eta garatzen dituen taktiketatik ikasteko unea bizi dugu Euskal Herrian.