argia.eus
INPRIMATU
Euskal Hirigune Elkargoko presidentetzarako aurkezteko gogoa du Alain Iriart abertzaleak
  • Euskal Hirigune Elkargoaren osaketari dagokionez, uztailaren 17an iraganen da bozketa. Oraingoz, Alain Iriart Hiriburuko auzapez abertzaleaz aparte, ez da ofizialki beste hautagairik aurkeztu. Jean Rene Etxegarai da egitura publiko honetako presidentea 2017ko sorreraz geroztik eta herri bozketen bigarren itzulia pasa ondoren zehaztuko du ea aurkeztuko den ala ez.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko ekainaren 26a

"Gogo handia eta ia erabakita" duela adierazi du Alain Iriartek, baina behin betiko erabaki ondoko egunetan emanen du. Hots, ekainaren 28an eginen den herrietako hauteskundeen bigarren itzulia eta gero. Herrietako kontseiluak erabaki berririk, Nafarroa Behereako, Zuberoako eta Lapurdiko 158 herriak batzen dituen Euskal Hirigune Elkargorako presidentetzarako hauteskundeak uztailaren 17an eginen dituzte. Seguruenik lehian aurkeztuko dela jakinarazi du Hiriburuko auzapez den Alain Iriart abertzaleak.

Oraingoz, ofizialki ez du beste hautagaitzarik parean. Instituzioaren sorreratik, 2017az geroztik, presidente den Jean Rene Etxegaraik ez du oraindik zehaztu ea aurkeztuko den. Ekainaren 28an eginen den herri mailako bozketen bigarren itzulia eta gero emanen du horren berri.

Etxegarai gogorki kritikatuz

Euskal Hirigune Elkargoko oraingo presidenteari begira, kritika gogorrak plazaratu ditu Iriartek ostiral goiz honetako Euskal Irratiei eskainiriko elkarrizketan: antolaketa, zerbitzuak eta metodoak, guztia da aldatzeko. Boterea bere eskuetan atxiki izana deitoratzen dio Etxegarairi: "Hurbiltasuna baztertu du" eta "boterea presidenteak bakarrik erabiltzen du". Alderantziz, "hurbiltasuna" eta lanketa "kolektiboa" ezinbestekotzat jo ditu Alain Iriartek.

EH BAIri so

"Azken asteetan" hautetsien itzulia egiten ari dela zehaztu du elkarrizketan Iriartek. Horrez gain, "bere familia politikoan" ere hautagaitzaz eztabaidatzeko asmoz dela gehitu du Hiriburuko auzapezak: "Kolektiboki erabaki" nahi du, "Ipar Euskal Herriaren geroa delako jokoan" eta "afera serioa" delako.

Herrietako hauteskundeak iraganik, Euskal Hirigune Elkargorako presidentetzarako lehiak hartuko du lekua heldu den astetik goiti Ipar Euskal Herriko aktualitate politikoan. Hain zuzen, hortik gutxira, uztailaren 17an dutelako hautetsiek presidente berria bozkatuko.