Larunbatean hasiko dute Lapurdiko kostaldeko herrietan Airbnb bezalako plataformei mugak jarri nahi dizkien neurrien inguruko eztabaida. Onartu ezkero, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko litzateke neurria aplikatzen.
Neurri honekin Elkargoak gora doan turistifikazioari balazta jarri nahi dio. Neurriak kostaldeko herrietan alokairu-enpresek alokatzen duten etxe-kopurua mugatu nahi ditu. Hirutan banatuko dute kosta lerroa: Hendaiatik Angelura dauden zortzi herrietan, Airbnb-ko erabiltzaile bakoitzak –izan enpresa edo norbanakoa– etxe bakarra jarri ahalko du plataforma hauen bidez alokairuan. Ondorengo sei herrietan bi izango dira gehienez alokatu ahal izango dituzten etxeak, eta azken hamar herrietan ez da mugarik izango.
Turismo masiboari balazta jartzeaz gain, neurri honekin enpresen monopolioa eta “konpetentzia desleiala” borrokatu nahi dute. Elkargoak ezarriko du araua, eta udalen eskumena izango da eskaera horien kudeaketa aurrera eramatea.
Euskal Hirigune Elkargoko herriek, baina, martxotik daramate neurri honen inguruan lanean. Urtebete daramate honen antzeko gaiak lantzen; urtarrilaren lehen egunean, adibidez, udalek zuzenean jasotzen dute turismo zerga plataforma hauetatik.
Eskari handiko eskualdea
Pirinio Atlantikoko Urbanismo Agentziak (PAUA) dioenaren arabera, Iparraldeak, eta gehien bat kostako herriek, Frantziako Estatutik jende asko erakartzen dute bertan bigarren etxebizitza izateko. Eskari honek eskualdearen errentagarritasuna handitzen du, eta horren ondorioz prezioek gora egiten dute. “Bertakoak, familia eta norbanako txiroenak batez ere, babesleku bila ari dira”, dio urbanismo agentziak, turismo masiboak gehien eragiten dituenak txiroak direla azpimarratuz.
Prezioen igoerak, gainera, komertzio lokalaren heriotza dakarrela dio urbanismo agentziak.
9.000 etxetik gora
2016ko irailaren eta 2017ko irailaren artean 9.230 etxebizitzen eskaintza publikatu ziren egoitza fiskala Irlandan duen Kaliforniako (AEB) enpresak. Hauetako gehienak Miarritze, Hendaia, Baiona eta Angelu hirietan zeuden. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hotelek eskaintzen dituzten gelen kopurua baxuagoa da, 6.524 PAUAren esanetan.