argia.eus
INPRIMATU
Euskal hezkuntza sistemaren liburu zuria osatzen joateko hurrengo geltokia: Kanbo
  • Epe luzeko herri eztabaida abiatu zuen 2021ean Eusko Ikaskuntzak, "nahi eta behar dugun Euskal Hezkuntza Sistema denon artean irudikatzeko". Foro parte-hartzaileen bidez "aliantzak, konplizitateak eta konpromisoak josiko dituen elkarrizketa" bideratzea da asmoa. Urriaren 15ean Kanbon solastatuko dira hezkuntzaz, eta urriaren 22an, Iruñean. Helburua: Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren Liburu Zuria osatzea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urriaren 11
\"Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen\" foroa, 2021eko irailekoa. Argazkia: Eusko Ikaskuntza

Zer norabide eman behar diogu euskal hezkuntzari? Galdera hori izango dute abiapuntu hilaren 15 honetan Seaskak Kanbon duen egoitzara hurbiltzen direnek. Euskal Konfederazioarekin elkarlanean antolatu dute foroa, “hezkuntza sistemaren agertoki desiragarriak eta lehentasunak identifikatu” asmotan “Iparraldeko ahotsak” biltzea helburu.

Oraingo honetan, bi ardatz nagusi izango ditu eztabaidak: gure herriaren iraunkortasuna eta hezkuntza; eta gobernantza komunitarioa eta mugaz gaindiko lankidetza. “Gure errealitatea mahaigaineratu, alderatu eta zoru komuna lantzeko parada da”, azaldu dute. Eragile ugariren parte-hartzearekin hezkuntzari ikuspegi ezberdinetatik heltzea da xedea: kulturatik, arteetatik, sozio-ekonomiatik, zientzia eta teknologiatik...

Eusko Ikaskuntzaren web orrian izena ematera animatu dute antolatzaileek.

Segregazioa, antolamendua, ezagutza...

Astebete geroago, Nafarroa Garaira bidaiatuko du foroak. Bidea 2021eko irailean abiatu zuen, “Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen” foroan, eta urte horretan bertan bi topaketa egin zituzten EAEn: bata ekainean Donostian, “askotariko segregazioari hezkuntza sistematik nola erantzun” gai hartuta, eta bestea urrian Gasteizen, hiru ardatzen gainean: hezkuntza aniztasuna berdintasunean, hezkuntzaren antolamendua, eta hezkuntza ezagutzaren gizartean.

EAEko Hezkuntza lege-proposamenaren zurrunbiloan murgilduta gauden honetan, begirada Euskal Herri osora zabaldu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango den hezkuntza ereduaz gogoetatu nahi du Eusko Ikaskuntzak. Liburu zuria osatzea izango du helmuga eta 2022-2023rako jarria du horretarako data. Lehenik, administratiboki bananduta dauden hiru lurraldeetan egindako gogoetak bilduko dituzte, “ibilbide partekatua marrazteko helburuz”. Eta ondoren, irakurketa eta proposamen partekatuak liburu zurian jaso eta esperientzia pilotuak adostea eta diseinatzea izango dute eginkizun.