argia.eus
INPRIMATU
Euskal Hezkuntza Legerako proposamenak

Aritza Urrengoetxea Cordovilla @aritzaurrengo 2021eko abenduaren 01

Eusko Legebiltzarrean garatzen ari den Euskal Hezkuntza Lege proiektuaren inguruko eztabaida egoera historiko baten erdian kokatu da. Izan ere, COVID-19aren izurriteak eragindako hilabeteetako itxialdiak euskal hezkuntzak dituen arazoak aitortzera behartu ditu hezkuntzako eragileak. Itxialdiarekin eskola fisikoa desagertu egin zen, eta horrek haren balio sozial eta hezitzailearen garrantzia ikusarazi du. Hain zuzen ere, izurritearen eraginak nabarmen eragin die bereziki eskola porrota eta hezkuntzaren uzte goiztiarra jasaten dituzten ikasle ahulenei. Hortaz, ondorengo proposamenen beharra dago bazterkeriarik gabeko euskal hezkuntza lortzeko.

Lehenik, Eusko Jaurlaritzak dituen eskumen mugatuak kontuan hartuta eta burujabetasun osoa eduki arte, eskolen titulartasunari dagokionez, publiko eta pribatu dikotomiatik haratago joan behar den hezkuntza zerbitzu publikoaren beharra du euskal hezkuntza sistemak. Adibidez, ikastetxe guztietan gizarte aniztasuna islatzeko. Auzolana, herri ekimena, eta euskara murgiltze ardatzak izanda, biztanleriaren erantzukizun kolektiboaren eta herritarren partaidetzaren bitartez garatuko litzateke. Gizarteari eskaintzen zaion zerbitzu publikoa bilakatuko litzateke euskal hezkuntza sistema, eta ikastetxe bakoitzak betebehar komunak izango lituzke. Euskal Herrian ezartzeko eredua Finlandiako hezkuntza sistemarena da. Finlandian pribatutasuna indargabetuta dago; oinarrizko hezkuntza irabazi asmoarekin eskaintzea debekatuta baitute ikastetxeek. Zerbitzu publikoaren eredua aintzat hartuta; jatorri eta maila sozioekonomiko desberdineko ikasleek batera ikasiko lukete, hezkuntza-sistema integral bakarra osatuz.

"Momentu historiko baten aurrean gaude, gaur egun zaharkituta dagoen Euskal Hezkuntza Legea aldatzeko"

Bigarrenik, segregazioarekin bukatzeko administrazio publikoak jarrera irmoa erakutsi behar du. Segregazioaz hitz egiten dugunean, hiri edo auzo bateko ikastetxeek ikasle profil jakin bat eskolatzeaz ari gara. Ikastetxe batzuek biztanleen gehiengoak duen batez bestekotik gorako kapital ekonomikoa duten ikasleak pilatzen dituzte. Beste batzuek, berriz, gizarte-sektore ahuletako ikasleak. Segregazioarekin bukatzeko, UNESCOk proposatzen du ikastetxeetako ikastaldeak lurraldearen aniztasun kulturala aintzat hartuta osatzea. Azpimarratzen du eskolaren aukeraketa librea segregazioa baldintzatzen duen arrazoietako bat dela. Ondorioz, ikastetxea aukeratzeko familiek duten eskubidea ezin da inola ere eskubide indibiduala eta absolutua izan behar, eta botere publikoei dagokie mugatzea. Aipatutakoak bat egiten du Gernikako Estatutuarekin. Izan ere, Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarenak, bere 9. artikuluan dio “Euskal botere publikoei dagokie gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitea, eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurri oro hartuko dute”. Beraz, Euskal Administrazio Publikoak eskumena du eskola aukeratzeko gurasoen eskubidea eta ikastegiek jaso beharreko ikasleen ezaugarriak antolatu, mugatu eta baldintzatzeko. Besteak beste, segregazio etnikoak, sozioekonomikoak edo genero arlokoak deuseztatzeko.

Bestetik, izurriteak behartu du baliabide digitalak erabiltzera, baina erabilpena zalantza askorekin gauzatu da. Horregatik, konpetentzia digitala sakonki garatu behar dute irakasle eta ikasleek. Zaharkituta geratu da informatika gelaren irakaspen eredua; non ikasle-taldeek ordu batzuetan ordenagailu batean lan egiten zuten, informatika kontzeptuak lantzeko. Horrek ez baitu osotasunean digitalki hezten. IKTen inguruan UNESCOk adierazten du konpetentzia digitala eraginkortasunez garatzeko ikasgeletako ikasmahai guztiak ordenagailuz hornitu behar direla, banda zabal ultra azkarreko konexio zabal batean, horren bidez gainontzeko ikasgaien kontzeptu batzuk era digital batean ere lantzeko. Irakasleek IKTaren formakuntza etengabea behar dute ikasleekin konpetentzia digitala ziurtasunez lantzeko. Horrekin guztiarekin herritarren gaitasun digitala garatzeko DIGCOMPek zehazten dituen bost dimentsioak lortuko lirateke: Informazioa, komunikazioa, edukiak sortzea, segurtasuna eta arazoak bideratzea.

Azkenik, momentu historiko baten aurrean gaude, gaur egun zaharkituta dagoen Euskal Hezkuntza Legea aldatzeko. Akordioa lortzeko, hezkuntza eragileek, sindikatuek eta alderdi politikoek adostasun iraunkor eta zabalen testuinguruan egin beharko dituzte haien ekarpenak. Epe laburreko aldaketak saihesteko, eta Euskal Hezkuntza Legea egonkorra eta eraginkorra izateko.