Ehunka herritar batu ditu Euskal Herria Venezuelarekin ekimenak Bilboko kaleetan larunbat arratsaldean. "Yankiak Latinoamerikatik kanpora" eta "Venezuela aurrera" izan dira lelo errepikatuenak.
Bilboko erdiguneko kale nagusiak zeharkatu ostean, Arriaga antzokiaren parean amaitu da manifestazioa. Ondoren buruturiko ekitaldian, antolatzaileek –hamarnaka eragile sozial, sindikal eta politiko- Venezuelaren aurkako gerra salatu dute. AEBengan jarri dute gertatzen ari denaren erantzukizuna, baina Europar Batasunaren eta Espainiako zein EAEko gobernuen ardura eta jarrera kritikatu dituzte ere bai. Gerra ekonomiko, politiko, diplomatiko eta mediatikoaren helburua herrialdeko petrolioaren, gasaren, koltanaren eta urrearen kontrola berreskuratzea dela azpimarratzeaz batera, Iraultza Bolivartarraren lorpenak nabarmendu eta horiek defendatzeko deia egin dute.