argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herritik abiatuko da VI. Ekomartxa, borroka antinuklearraren 40. urteurrena gogoan
  • Espainiako Estatuan Ekologistak Martxanek antolatzen duen Ekomartxa bizikleta martxaren seigarren edizioakPedalei eragin planeta hozteko leloarekin– Euskal Herria izango du abiapuntu. Lehenbiziko etapa uztailaren 16an egingo dute, Bilbo eta Lemoiz bitartean. Han omenaldia egingo zaio zentral nuklearraren aurkako borrokari, 1976ko abuztuan Plentziatik abiatutako lehen manifestazioa gogoan.

ARGIA @argia 2016ko uztailaren 08a
Aurreko edizio bateko argazkia.

Bigarren etapa ere Bilbotik abiatuko da, eta Muskiz izango du helmuga. Eguerdian Cokearen Aurkako Koordinadorak Petronor findegiaren aurrean antolatutako ekitaldian parte hartuko dute martxako kideek, “industria horrek kostaldean eragiten duen kutsadura eta bestelako inpaktuak salatzeko”. Arratsaldean Zierbenara joango da Ekomartxa, Bilboko Superportuak ingurumenean dituen eraginak ezagutzeko xedez.

Hirugarren etapa Muskizen hasi eta Laredon amaituko da, Kantabrian. Kantauri itsasoko kostaldea zeharkatuko dute uztailaren 30era arte; egun horretan Gijónera (Asturias) iristea aurreikusita dago. Helburu nagusia klima aldaketak itsasertzean duen eraginaz ohartarazi eta “jasangarria ez den hazkundea” salatzea da.