“Batzuk diziplina bakarrera mugatzen dira, baina denarekiko interesa nuen nik, artista batek espresatzeko eskura dituen tresna guztiekiko, bat bera ere baztertu gabe, eta helburu horrek eraman ninduen zinemara –azaldu zigun Basterretxeak duela hiruzpalau urte–. Gainera, beste arte diziplinek ez daukaten abantaila handia dute pelikulek: leku ilunean ikusten dira eta aretoa beteta egon arren, harreman intimoa, zuzen-zuzena, sortzen da ikuslearen eta pantailaren artean. Horregatik haserretzen da ikuslea pelikula batekin, hunkitzera iristen da, negar egiten du… Harrapatu egiten zaitu guztiz eta sentimenduak aztoratzen dizkizu. Eta horrexegatik hartu zuten hain gaizki frankistek Ama Lur filma izatea, eta ez liburu bat adibidez. Zentsura, zailtasun eta oztopo guztiei aurre egin ostean, pelikula Donostiako Astoria zinema-aretoan estreinatu genuenean eta jendearen erantzun aparteko hura ikusi nuenean, ‘Fernando, irabazi egin dugu’, esan nion”. Fernando Larruquertez ari da, bien arteko elkarlanetik jaio baitzen Ama Lur, Euskal Herriko zinemagintza modernoaren abiapuntua (aurretik, Pelotari film laburra egin zuen tandemak).
Euskal Herria eta euskal herritarron nortasuna osatzen duten elementuen 103 minutuko puzzlea izan nahi du Ama Lur-ek. Crowdfundinga boladan dagoen garaiotan, auzolan ekonomikoari esker finantzatu zuten filma eta 1968an estreinatu zen, Donostiako Zinemaldian. Emanaldi arrakastatsua izan zen, eta ikusleek hunkituta egin zuten txalo. Autoreen esanetan, horrelako zerbaiten beharra sumatzen zen giroan. “Uste zuten euskal abertzaletasuna amaitua zegoela, zapaldua, eta bat-batean bi tipok pelikula sutsu bat egin zuten; ‘baina hauek nondik atera dira?’… Euskal herritarren protesta itzela izan zen Ama Lur, Espainiako diktaduraren aurkako aldarria”, gogoratu zuen artistak.