argia.eus
INPRIMATU
Euskal herritarren arrain kontsumoa asetzeko gai da Bizkaiko Golkoa
  • Bizkaiko Golkoan urtero 300.000 bat tona arrain arrantzatzen dira, 1973 urtean arrantzatutakoaren erdia, gero eta ontzi gutxiago dagoelako gure kostaldean. Hala ere, Bizkaiko Golkoak euskal herritarren elikadura hornitzeko aski gaitasun du. Datu xehez osatutako artikuluak argitaratu ditu Gaindegiak, euskal arrantzaren egoeraz.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 16a

Euskal herritarrek 76.000 tona itsas-produktu kontsumitu zituzten iaz, eta 301.200 tona arrantzatu ziren Bizkaiko Golkoan. Kontua da, baina, urruneko itsasoetako produktuak ugariak direla Euskal Herriko saltokietan: “2019 urtean, Hego Euskal Herrira Amerikatik itsasoko produktuetan 26.340 tona iritsi ziren”, azaldu du Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak.

Berdela, sardina, antxoa, legatza, lupia…

Bizkaiko Golkoan arrantzatutakoa eta Euskal Herrian kontsumituriko arrantza produktuak espezie nagusien arabera behatuz gero, Bizkaiko Golkoaren hornidura gaitasuna handia da hainbat espezietan, Gaindegiak zehazten duenez. Hala gertatzen da berdelaren kontsumoarekin, baita sardina, antxoa, legatza, lupia eta atunarekin ere. Halere, Bizkaiko Golkoan arrantzatutakoa ez da aski Euskal Herriko zapoaren kontsumoa asetzeko, ezta txipiroiena edo urraburuena asetzeko ere.

Gero eta itsasontzi gutxiago gure kostaldean

Euskal arrantzaren zailtasunez ere mintzo da Gaindegia, arrantzaren errentagarritasuna bera eta eredu iraunkorren biziraupena ez baitira erraz uztartzen ekosistemak arrain stockari eusteko duen gaitasunarekin zein urruneko arrantzak merkatuan ezarritako salneurriekin. “Bestalde, ez dirudi sektoreak bizirauteko behar duen belaunaldi ordezkapena sendoa denik ere”. Guztira, egoitza-portua euskal kostaldean duten 354 ontzi geratzen dira egun, Gaindegiaren datutan: 156 Lapurdin, 112 Bizkaian eta beste 86 Gipuzkoan. Baiona-Donibane Lohitzuneko portuak du ontzi kopuru handiena (156 ontzi), baina Bermeo (57), Hondarribia (31), Getaria (25), Ondarroa (25) eta Pasaia (18) sektoreko erreferente garrantzitsuak dira. “Gaur gaurkoz arrantzako jarduera profesionala kostaldeko 15 herritan garatzen da eta zenbait tokitan ondare kulturala izatera igaro da edo bide horretan da arrantza”.