argia.eus
INPRIMATU
Ziegan hilik aurkitu dute euskal herritar bat, Palentziako Dueñasko espetxean
  • 43 urteko bilbotar bat hilik aurkitu dute ziegan, Palentziako Dueñas espetxean. Salhaketa Arabak jakinarazi duenez presoak egunak zeramatzan osasun-arreta eske, bularrean min zuelako. Familiak beste preso baten eskutik izan du senidearen heriotzaren berri. Salhaketak salatu du espetxean jazotako azken heriotza hau ez dela kasu isolatua, eta zenbait neurri hartzea eskatu die Espainiako Gobernuari, Barne Ministerioari eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari.

Amaia Lekunberri Ansola 2023ko otsailaren 15a
Salhaketa elkartearen elkarretaratze bat, \"Espetxeetan heriotza gehiago ez. Espetxeak apurtu\" leloa duen pankarta eskutan.

Otsailaren 4an Palentziako Dueñasko espetxeko bere ziegan hilik aurkitu zuten A.E.J., 43 urteko preso bizkaitarra. Arabako Salhaketak jakinarazi duenez, egunak ziren presoa bularreko minez kexu zela, eta behin baino gehiagotan egin zuen osasun-arreta jasotzeko eskakizuna. Familiak elkarteari jakinarazi dionez, hil aurretik, egun berean, erizaintzara joan zen. Arratsaldeko presoen zenbaketan, baina, ziegan etzanda aurkitu zuten hilotza.

Zendutakoaren familiak preso dagoen beste pertsona baten eskutik izan zuen senidearen heriotzaren berri, espetxeak ez baitzien gertatutakoaren berri eman. Salhaketak jakinarazi duenez, familiak hiriko ospitale guztietara deitu zuen, eta hori egin ostean lortu zuen espetxeko zuzendaritzarekin hitz egitea. Zentzu horretan, elkarteak salatu du sistematikoa dela espetxean ematen diren heriotzak ezkutatzeko joera eta senideekin komunikazio falta. "Zer komunikazio-mekanismo ditu Espetxe Zuzendaritzak bere hormen barruan gertatzen diren heriotzen berri emateko? Nola jakin dezakegu nor hiltzen den barruan? Familia-sarerik gabeko zenbat pertsona ahazten dira? Zeintzuk dira heriotza horien arrazoiak?", galdegin dute.

Barrote arteko enegarren heriotza hau kasu isolatu eta salbuespen izatetik urruti dagoela ere salatu nahi izan dute, eta espetxeak bere horretan osasuna kaltetzen duela azpimarratu. "Isolamendua, harreman-dinamikak, elikadura txarra, ingurunearekiko mendekotasun-harremanak... Estrukturalki, espetxeak bertan bizi direnen buru osasunean eta osasun fisikoan ondorio suntsitzaileak sortzen dituzten egiturak dira".

Neurriak hartzeko eskakizuna

Espetxeetan gertatzen diren heriotzak saihesteko zein neurri hartuko dituzten galdegin die Salhaketak Espainiako Gobernuari, Barne Ministerioari eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari. Elkarteak, bere aldetik, neurri zehatzak indarrean jar ditzaten eskatu du: "dagokion moduan" Ministerio Fiskalak espetxean ematen diren heriotzak ikertzea, heriotzak zigorgabe gera ez daitezen; espetxeetako zuzendaritzek senideei heriotzen berri ematea, era inpartzialean; heriotzengatik dagozkien kalte-ordainak erreklamatu ahal ditzaten, auzitegien aurrean hildakoaren familiari informazioa eta laguntza ematea; laguntza psiko-soziala senideen eskura jartzea; gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzea, baita buru gaixotasunak dituztenak ere, suizidioak eragozteko; eta zigor- eta espetxe- legeriaren erreforma, egungoak kondenak luzatzen dituelako, baita irteera-baimenak, hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera murriztu ere.

Salhaketak Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei ere egin die eskakizunik. Zehazki, A.E.J.-ren heriotzaren aurrean iritzia emateko eskatu die, hildakoa bere bizilekutik urrun dagoen espetxe batean hil den euskal herritarra den heinetik.