argia.eus
INPRIMATU
Mitxel Elortza Exea, Pantailaldiako bolondresa
“Euskal Herriko zinemetan eskaintzen diren filmeen %1 da euskaraz”
  • Pantailaldiaren Arabako ordezkaria izan da Mitxel Elortza Exea. Ekimena arrakastatsua izan dela uste du herritarren parte hartzeagatik, baina astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik ikusteko erronka egunerokoan bete dadin lan asko geratzen da egiteko Elortzaren ustez. Erakundeen politika ausartagoak eskatu ditu. Azaroaren 11tik 18ra egin da Pantailaldia, eta 350 lagunek hartu dute parte.

Lide Iraola 2022ko azaroaren 18a
Argazkia: Zaldi Ero

Zer moduz joan da Pantailaldia?

Arrakastatsua izan da. Sareetan mugitu gara asko, bizipenak beste parte hartzaileekin partekatzeko, eta lehenengo egunetan trending topic izan gara. Astelehenean Irulegiko Eskuaren albistea zela-eta bigarren maila batean gelditu ginen, baina kontu garrantzitsu batengatik izan da gutxienez, eta gainera, Pantailaldiari hauspoa eman dio. 

Zailtasunik izan duzu astebetez erronkari eusteko?

Bai, hutsune handiak daude. Gehienbat helduentzako, telesailetan ere filmetan baino aukera gutxiago dago, eta generoaren arabera orduan eta gutxiago. Fikziozko telesailik ez dago ia, esaterako. 

Pantailak Euskaraz-ek eskuragarri jarri zuen gida bat astebeterako proposamenekin. Zer Non Ikusi plataforma ere oso lagungarria da, euskarazko edukien katalogoan arakatu daitekeelako, eta bilaketa errazten du iragazkien bidez: non ikusi nahi den edota ze genero, besteak beste. 

Aukerak badaude, uste duguna baino gehiago. Hala ere, astebeteko erronka egunerokora pasatzeko eskaintza askoz zabalagoa behar da. Eta erakundeek dute horren ardura. Eitb-ri erreparatu besterik ez dago: bigarren katera askoz baliabide gehiago bideratzen dira, bai filmetan, telesailetan, albistegietan edo laster hasiko diren hauteskunde eztabaidetan. 

Euskaraz badaude bakan batzuk, eta oso onak: Altsasu duela bi urte, Mihiluze aurten… Baina askoz gehiago egin daiteke. Gaztelerazko katea egongo bada, lehentasunak birformulatu behar dira.

Zein neurri hartu ditzakete erakundeek?

Hasteko, bertako ekoizpenak sustatzea eta diruz laguntzea, eta euskaraz izan daitezela. Bestalde, atzerriko film eta telesailak bikoizteko baliabideak jartzea, edo gutxienez azpititulatzeko. Egia da agian hasi beharko genukeela ikus-entzunezko edukiak jatorrizko bertsioan ikusten, azpitituluen laguntzaz. Baina horretarako ere eskaintza zabaldu behar da.

Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu ditzake streaming plataformekin kupo batzuk ezartzeko, adibidez. Badirudi abian jarri nahi duela streaming plataforma berri bat euskarazko edukiekin soilik. Hori iritsi bitartean, ordea, ezin gara geldirik geratu.

Zinemetan ere egin duzue protesta, ezta?

Plataformetan ari gara tantaka-tantaka emaitzak lortzen, baina zinemetan egoera are tamalgarriagoa da. Eskaintza osoaren %1 soilik da euskaraz. Joan den igandean, Bilbon, Donostialdean, Iruñerrian eta Gasteizen zinema aretoetan bildu ginen protestarako. Gure kasuan, euskarazko eduki bakar bat ere eskaintzen ez duen Yelmo Boulevard zinemara hurbildu ginen. Erreklamazioak jarri genituen, eta Internet bidez enpresari kexa helarazi genion zuzenean. Multinazionalak erantzun digu saiatuko dela irtenbide bat bilatzen. Ez dakit egiatan zer egingo duten, baina baikor hartu dugu tonu onean erantzun izana. Kontu honetan ere erakundeek badute zer egina: geroz eta ekoizpen gehiago egin euskaraz, orduan eta errazagoa izango da zinemek horiek eskaintzea. 

Hala ere, multinazionalez badakigu zer espero dezakegun. Tokian tokiko zinemekin elkarlana errazagoa da. Gasteizen bertan badaude Florida eta Gorbeia zinemak, euskaraz dagoen gutxi hori eskaintzen dutenak.

Igandean zinemetan protesta egin zuten euskarazko filmak eskaintzeko eskatzeko. /Argazkia: Mitxel Elortza

Gomendio berririk baduzu?

Aste honetan zehar nire sare sozialetan eta Alea hedabidean ibili naiz aurkitutako ikus-entzunezko interesgarrien berri ematen. Batzuk oso aberasgarriak izan dira: haurrentzako "Nire aitaren dragoia" filma asko gustatu zait. Hainbat dokumental ere: Hamaika Telebistaren “Nor den nor”, edota Argiak euskarazko azpitituluak jarritako “Fabricando mujeres 2.0”.

Bestalde, Pantailaldiaren erronka zen euskaraz kontsumitzea baina baita sortzea ere. Nik aste honetan ipuin bat eskegi dut egunero nire Youtube-ko kanalean; askotariko gaiak jorratzen saiatu naiz eta familiei baliabide gehiago eskaintzen. Izan ere, ni aita izan naizenean ohartu naiz pantailekin dugun arazoaz, baliabide hain mugatuak daudela ikustean eta haurrak berak eskatzen duenean euskaraz ikusi eta entzun nahi duela. 

Hortaz gain, iaz Disney-eko dozena bat pasatxo abesti euskaratu nituen, eta kanalean bertan daude ikusgai. 

Euskaraldian parte hartuko duzu?

Bai, noski. Halako ariketek balio digute konturatzeko denok egin dezakegula zertxobait gehiago euskaraz bizitzeko. Hala ere, argi utzi nahi dut erakundeena dela ardura nagusia, eta ezin direla Euskaraldiarekin edota Korrikarekin konformatu; lan handia dago egiteko hizkuntzaren normalizazioan eta politika ausartagoetan.