Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere babesteko neurriak hartzea.
Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz plataformako bozeramaileak eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak aurkeztu dute ikerketa asteazkenean, Donostian. Aurkezpenean azaldu dutenez, Euskal Herrian orotara 900 film baino gehiago estrenatu dira 2024an, eta horietatik bi baino ez dira euskaraz: Josu Martinezen Bizkarsoro eta Negu kolektiboaren Negu hurbilak.
"Euskararen presentzia legez bermatuko duen" araudi bat jorratzea eskatu die erakunde publikoei, euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzeko. Euskal Herrian 2024an zinema komertzialetan egondako ia 197.000 emanaldietatik, 166.000 gazteleraz, 29.000 frantsesez, eta 1.800 baino gutxiago euskaraz izan direla ondorioztatu du azterketak, alegia, emanaldi guztien % 0,9.
Euskaldunak erdaraz kontsumitzera "behartzen" dituztela salatu dute Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, zinemaren esparruan "nekez bermatzen baita euskararen presentzia". Euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak, eta zinemetan euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, Euskararen Telefonoa zerbitzuaren bitartez salaketa jartzeko dei egin dute.