Blogariak.net, 15 urte baino gehiagoko proiektua, betiko desagertu da. Estrasburgon Europako sareen zerbitzariak eskaintzen dituen enpresarik handienaren zerbitzariek su hartu dute eta babeskopiak ere erre egin dira. Galdutako webguneen artean Euskargazki, Filoblogia eta Lingua Navarrorum daude. Euskargazki blogaren egile Ekaitz Santaziliarekin hitz egin dugu gertatuaz.
Blogariak.net zegoen datu zentro guztia suntsitu egin da. Atariaren barruan Euskal Herriko hainbat blog ere bazeuden, bertako informazioa erabat galduz. 15 urte baino gehiagoko proiektua da eta ezin izan da segurtasun kopien bidez berreskuratu. Elurnet enpresak zeraman blogariak.net ataria eta proiektuarekin aurrera jarraitzea ezinezkoa izango dela adierazi dute. Galdutako webguneen artean Euskargazki, Filoblogia eta Lingua Navarrorum daude.
Sutea gertatu eta egun batzuetara abisu eman zioten Ekaitz Santazilia blogariari ataria guztiz suntsitu eta informazio guztia bertan behera geratu zela. Hala adierazi du Santaziliak: “Hor zegoena betiko galdu da”. Euskargazki blogaren kasuan informazio asko berreskuratzeko aukera izan du: “2021eko otsailerarte izan dudan guztia gorde zait, argazki batzuk kenduta”. Zerbitzariaren segurtasun kopia guztiak suntsituta geratu dira baina Internet Archieve plataformari esker berreskuratu ahal izan du informazio gehiena. Bloga berriro ere indarrean jarri nahi izanez gero, hasieratik hasi beharko luke, beste blog bat sortuta. Berreskuratu duen informazio guztia html formatuan berreskuratu du. Santaziliak aditzera eman duenez, beste blogari askok ezin izan dute informaziorik berreskuratu.
Euskargazki
2006an sortu zuen Ekaitz Santaziliak Euskargazki bloga, euskal literaturaren argazkien bloga. Euskal Filologia ikasi zuen Santaziliak eta bertan ikasitakoa ondo barneratzeko lekuak bertatik bertara bixitatzea bururatu zitzaion eta momentu hartan ekion zion Euskargazki proiektuari. Santaziliak bere blogaren inguruan hitz egin zuen Miel Anjel Elustondok ARGIAn egindako elkarrizketan.
ARGIAn sutearen berri eman genuen, Axier Lopezen eskutik. "Europan sarean zerbitzari-zerbitzua eskaintzen duen enpresarik handiena eta munduko hirugarrena da suak hartutakoa. OVH enpresak Estrasburgon zituen 29.000 zerbitzariak gordetzeko lau eraikinetatik bi erre dira. Egunean bertan atzeman zen lehen ondorioa: milioika webgune jokoz kanpo, bereziki Frantzian eta Italian. Euren artean, Euskal Herriko zenbait enpresa eta eragile politikorenak. Sutean suntsitutako datu batzuk berreskuratzea ezinezkoa izango dela adierazi dute enpresa batzuek. Egunerokoan erabat txertatuta dauzkagun gailu elektronikoetan biltzen den informazioa non dagoen, eta, finean, zeinena den pentsarazteko baliagarria da gertatutakoa. Datuak ezin dira 'hodeian gorde'. Hodeirik ez baita existitzen, norberaren datuekin negozioa egiten duten beste pertsona batzuen ordenagailuak baino ez dira".