2019ko azaroan Durangon egin ziren V. Jardunaldi Feministetan eztabaidatutako gaiak “Salda Badago” izenarekin argitaratu dituzte. Durangoko San Agustin kultur gunean aurkeztu dute liburua.
Proiektua Salda Badago lantaldeak eta Emagin Elkarteak elkarlanean gauzatu dute eta argitalpena elebitan egin dute, euskaraz eta gazteleraz. Berriak albistean jaso duenez, liburuaren helburua memoria kolektiboaren transmisioa bermatzea eta aurrerapausoak ematen jarraitzea da. Pieza iturri ezberdinek elikatu dute: militanteen bizipenek, eztabaidako aktek eta ondorioek batik bat. Oztopoz betetako bidea izan da eta pandemia egoerak prozesua konplikatu besterik egin ez duela adierazi du Veronica Mendiberrik, Emagineko kideak. Mendiberriren hitzetan, biluzte lan bat izan da.
Finantzaketa kolektiboaren bidez burutu dute lana. Itsulapikoa plataformaren bitartez eraman dute aurrera diru bilketa. Lana prozesu bat izan dela azpimarratu dute eta esperientzia feminista berriak bilatzen jarraitu behar dela.
Anbotok, Durangaldeko komunikabideak gogora ekarri duenez, Durangon V. Jardunaldi Feministak egin zirenean 3.000 bat emakume gerturatu ziren. Euskal Herriko 350 kolektibok hitzaldiak eta hausnarketa ezberdinak ere partekatu zituzten. Salda Badago liburuak, momentu hartako laburpen bat egiten du, baina liburuari ez diote bukaera eman, etorkizunean atal berriak idatzi beharko direla azpimarratu baitute.