argia.eus
INPRIMATU
Bio-K
Euskal Herriko txukruta eta kimchia
  • Errezilera bizitzera joan eta sagarrondoak landatu zituen Satxa Zeberiok, Bio-K proiektuaren bultzatzaileak, duela zenbait urte. “Iritsi zen sagarrekin zerbait egiteko momentua, eta sagar zukua eta sagardoa ekoizteari ekin genion orduan”, azaldu du. 2015ean sortu zuten Bio-K proiektua ofizialki, eta sagarrari lotutako hasierako ekoizpenaz gain, produktu hartzituekin ere probak egiten hasi zen. Txukruta, kimchia, sagar zukua, sagardoa eta ozpina ekoizten dituzte gaur egun.

Garazi Zabaleta 2025eko otsailaren 03a
Bio-K proiektuak egindako kimchia. Hartzidura prozesua izan duen aza da txukruta, eta kimchia ere bai, baina azken hau zapore pikantearekin maneatua egon ohi da.

Zeberiok ez zuen lehen sektorearekin eta nekazaritzarekin inolako harremanik lehenagotik, baina bazen denbora baserri mundura mugitzeko gogoz zebilela: “Kanpoan egiten nuen nik lan, baina beti nuen erronka hori buruan, eta aukera suertatu zenean, poliki-poliki pausoak ematen hasi ginen”, azaldu du. Errezilen bertan obratzailea martxan jarri zuten sagar zukua eta sagardoa ekoizteko, nahiz eta gaur egun Astigarragara lekualdatu duten gunea. “Ekoizpen osoa ekologikoan egiten dugu oraintxe bertan”.

Sagardoa eta sagar zukua egitea gurean ohikoa izan daitekeen bezala, hain ohikoa ez dena produktu fermentatuena da, Bio-K proiektuak aurrera egin ahala gehitzen joan direna. “Hartziduraren munduan nahiko sartua nenbilen egitasmoa abiatu baino lehenagotik. Egia da mundu oso zabala dela, ez duela amaierarik, baina gu, momentuz, hiru hartzitu motarekin ari gara”, adierazi du Zeberiok. Hartzidura laktikoak dira lantzen dituztenak, eta proiektuko kideak nabarmendu duenez, Europa iparraldeko herrialdeetan oso zabalduta daude. “Gurean ere geroz eta ezagunagoak dira eta erantzun ona ari dira izaten”, gehitu du. Hartzidura prozesua izan duen aza da txukruta, eta kimchia ere bai, baina azken hau zapore pikantearekin maneatua egon ohi da.

Etxeko lehengaiak ez direnean, hurbilekoak

Bio-K proiektua abiatu zutenean haiek ekoitzitako lehengaiak soilik erabiltzen zituzten eraldaketak egiteko, baina urteotan ekoizpena handitzen joan da, eta gaur egun Nafarroako kooperatiba baten bidez ere eskuratzen dituzte zenbait produktu: “Sagardo guztia gure sagarrekin egiten dugu, baina txukrutak eta kimchia egiteko kanpotik ere badakarkigu produktuen zati bat”. Hurbileko nekazariekin lan egiten saiatzen dira, posible duten heinean behintzat.

Proiektuaren webgunean eskaera eginda eskuratu daitezke haien produktuak, eta baita Euskal Herriko hainbat txokotako dendetan ere. Azken urteetan, gainera, sariak irabazi ditu proiektuak nazioarteko lehiaketa batean. “Ozpinarekin hainbat sari irabazi ditugu, 2024an adibidez, urrezko domina lortu genuen. Sari horiek proiektuarekin segitzeko motibazio dira beti, nonbait, gauzak ongi egiten ari garen seinale”, amaitu du.