argia.eus
INPRIMATU
Turismo ereduaren eztabaida nazioarteko hedabideetara iritsi da
  • Pasa den astean Espainiako Estatuko hainbat hedabidek Arranek eta Ernaik turismo masiboaren kontra egindako ekimenak zabaldu ostean, ereduaren inguruko eztabaida pil-pilean dago eta gaiak nazioarteko hainbat hedabideetara salto egin du.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 07a

BBC-n erreportaje bat eskaini diote gaiari. “Kataluniako eta Euskal Herriko gazteak ‘Tourist go home’ (turistak zoazte etxera) leloa erabiltzen ari dira”. Arranen ekimenak, Ernaik Donostiako Aste Nagusirako deitu duen manifestazioa eta Denis Itxasoren adierazpenak jaso dituzte, baita Ernairen kartela ere.

Baina BBC ez da nazioarteko hedabide bakarra izan:

The Times-ek adibidez, Ernairen leloa eraman du titularrera: “Zuen oporrak gure miseria, euskaldunen abisua britainiar bisitariei”. Gazte antolakundearen manifestazioaz hitz egin dute, kale borroka aipatuz.

The Mirror-en “Turista-gorrotoa” duen Arran “talde anarkistak eraso beldurgarriak” egiten ari dela argitaratu du, eta antzekoa The Sun-ek “britainiarrek kontu handia izan beharko dute, eraso gehiago egongo baitira”.

Express britainiarrak honela dio Ernairen manifestazioaren harira: “Espainiako turismoaren ERREBOLTAK: Donostia, britainiar udatiarren kontrako biolentziarako aukera berria”.

Italiako AnsaMed-ek antzeko lerroburua erabili du: “Bartzelona eta Mallorcako erasoen ostean, protestak Donostian”.

Reuters-ek gaia zabalago landu du Veneziako eta Turkiako hainbat adibide gehituz. “Uda maitasuna? Ez Europako turismo puntu kritikoetan”. Ernairen abuztuaren 17ko manifestazioa aipatzen dute.

Arranek zein Ernaik adierazi dute beraien ekimenak ez direla turisten kontra, baizik eta “turismo eredu hau erabiliz aberasteko erabiltzen ari direnen kontra, hiriaren egoera okertuz”.