Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu dute.
Jose Arregi torturapena hil zutela 43 urte bete diren egunean aurkeztu dute Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzailea hainbat torturatuk. Ainara Gorostiagak eta Ixone Fernándezek hartu dute hitza denen izenean. Torturatuak asko eta askotarikoak izanik, gauza batek batzen dituela denak azaldu dute: “Bada hari ikusezin bat batzen gaituena: sufrimenduaren haria, urte eta hamarkadetan zehar barruan eta isilean daramagun sufrimenduarena, gu bezalako beste pertsona askori gertatzen zaien bezala”.
“Uste dugu gertatu denaren kontakizun osoa argitara emateko unea dela, bizi izan duguna aitortu eta konpontzeko unea”, azaldu dute Gorostiagak eta Fernándezek. Aitortzaren bidean urratsak egin dira iragan urtetan, baina gehiago behar direla aldarrikatu dute: “Beharrezkoa da torturaren errealitatea bere osotasunean jasotzea. Ondorio politikoak, sozialak, kulturalak eta giza ondorioak aztertu behar dira, eta, gizarte gisa, errekonozimendurako eta erreparaziorako bideak ireki. Zentzu horretan, tortura jasan dugun euskal herritarrok badugu zer esan”.
"Garrantzitsuena ez da egin zigutena, egin zigutenarekin egiten duguna baizik"
Torturatu guztiei deia
Euskal Herriko herri eta eskualdeetako pertsona torturatuekin batu eta hitz egiteko konpromisoa hartu dute Talde Sustatzaileko kideek agerraldian. Zuzenenean mintzatu zaizkie torturatuei: “Beharbada askotan kontatu duzu zer egin zizuten, edo agian ez zara inoiz inori kontatzeko gai izan”. Guztiak gonbidatu dituzte sarera batzera, eta bertan, “babesa, indarra eta baita merezi duten aintzatespena ere” aurkituko dutela adierazi diete. Urtebete barru topaketa bat egingo dutela iragarri dute.
Torturaren aitortzan torturatuak subjektu aktibo izatea aldarrikatu dute, “izan ere, garrantzitsuena ez da egin zigutena, egin zigutenarekin egiten duguna baizik”.