argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hiru martxa egingo ditu 1.080 euroko pentsioa eskatzeko
  • Astelehenean Bilbotik eta Bergaratik abiatu dira, eta asteartean Agurainetik. Ostegunean Gasteizen batuko dira hiru mobilizazioak.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 22a
Argazkia: Euskal Herriko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartea.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) hiru martxa deitu ditu aste honetan, Hego Euskal Herrian gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatzeko.

Elkarteak adierazi du "presako eta justiziako" aldarrikapena dela, eta erakunde publikoek erabakiak hartu behar dituztela herritarrei "bizi-baldintza duinak" bermatzeko. Azpimarratu du horretarako gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituztela.

Astelehenean 12:00etan Bilbotik eta Bergaratik abiatu dira bi martxa aldi berean. Hirugarrena asteartean Aguraindik irtengo da. Ostegunean, hiru mobilizazioak Gasteizen batuko dira, eta manifestazioa egingo dute Karlos I. Enperadorearen plazatik abiatuta.