argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko ondarea identifikatzeko 10.000 erregistro gehiago jarri ditu Euskal Wikilarien Elkarteak interneten
  • Ondare eraikiaren WikiLovesMonuments munduko argazki lehiaketan parte hartzeko identifikatu dituzte, mapa batean, bertoko ondare elementu izan daitezkeenak.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 29a

2017an WLM argazki lehiaketa antolatzen hasi zenean, Euskal Wikilarien Kultur Elkartea konturatu zen oso monumentu gutxi zeudela zerrendan (217 Ipar Euskal Herrian eta 433 Hego euskal Herrian). Wikimedia.eus-en argitaraturiko artikulu batean Galder Gonzalezek azaldu du zer pauso eman dituzten zerrenda horri milaka elementu gehitzeko.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako webguneko datuak edo Nafarroako Gobernuak babesturiko megalitoen zerrenda erabili dituzte eta 10.000 item gehitu dizkiote mapari, lehiaketan parte hartzeko –orain, esaterako, Done Jakue bidea nondik igarotzen den identifikatu daiteke–. WLM lehiaketa igandean hasiko da eta parte hartzeko argibideak hemen kontsultatu daitezke.

Ondare elementu babestu gehien dituzten udalerrien diagrama bat ere egin dute. Iruñea da gehien dituena, eta ondoren Baztan, megalito kopuru handiagatik:

Lehiaketatik harago, beste helburu batzuk ere badituzte ondare eraikiaren zerrendak antolatzeko orduan. Hala nola, jakitun izatea herri bakoitzean zer eraikin interesgarri dagoen, “barne turismoa” sustatzeko, eta ondare zerrendak publiko egin eta ezagutaraziz haiek babesteko aukera gehiago edukitzea: “Urtero eraisten dira berez babestuta dauden eraikinak, eta hori ez litzateke gertatu behar”, azaldu du Gonzalezek artikuluan.