argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko neska* gazteen udaleku feministak hasi dira Ozaetan
  • Euskal Herriko txoko askotako 100 neska* batu dira Ozaetan aurtengo Udaleku Feministei hasiera emateko. Irailaren 2ra arte elkarrekin hausnartzeko eta gozatzeko aukera izango dute bertaratu direnek, egitarau oparoa antolatu baitute.
Topatu.eus @topatu_eus 2018ko abuztuaren 31

Gaur, abuztuak 30, hasi dira II.Udaleku Feministak Ozaetako Sorgingunean. Goizeko hamarretan autobusa irten da Gasteizko autobus geltokitik eta lehen parte hartzaileak 11:00etarako iritsi dira. Kanpinak muntatu bitartean kotxeetan beste hainbat neska* ailegatu dira. 

Ordubatak aldera ongi etorria egin dute. Udalekuen azalpen txiki bat eta oharrak azaltzearekin batera proposamenak jaso dituzte, bertaratu direnen ekarpenak jasotzeko asmoz. Horren ostean, bakoitzak etxetik ekarritako bazkaria jan dute. 

Arratsaldean berriz, ezagutza jolasak egin ostean, esperientziak trukatu dituzte. Merienda jateko aukera ere eduki dute gazteek, eta tarte hau aprobetxatu dute argazki baten bidez Uharteko erailketa salatzeko eta autodefentsa feminista aldarrikatzeko. Arratsaldeko azken ekintza Itziar Gandarias ikerlari feministak eman duen intertsekzionalitateari buruzko hitzaldi tailerra izan da. Afalosterako "Ongi etorri Fest" antolatu dute.