Hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta tailerretan parte hartu dute 600 pertsona inguruk. Topaketa hausnartzeko eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko baliatu dute.
Bi egunez Elizondon elkartu dira 600 emakume inguru, Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzean. Antolatzaileek esan dutenez, "inflexio puntua" izan dira topaketak, eta hemendik aurrera hartu beharreko bidea zehazten lagundu die.
Hitzaldi eta tailerrez osatu dute egitaraua, baita ekitaldi kulturalez ere, baina bereziki bi mahai-inguru izan dira garrantzitsuak. Larunbatean "Testuinguruari erreparatuz: krisi anizkoitzaren gaineko gakoak ikuspegi feministatik" gidatu zuten Mirene Begiristainek, Naia Torrealdaik, Maider Barañanok eta Naia Kortaberriak. Egungo krisiari feminismotik eta gaztetasunetik ematen dioten begiradaz hausnartu zuten, besteak beste.
Igandean, berriz, "Neska gazteok zer? Mugimenduaren oinarriak eta aurrera begirako erronkak" mahai-inguruan gogoetatu zuten orain arteko ibilbideari buruz eta, hutsuneak identifikatzeaz gain, etorkizuneko bidea zehazten jardun zuten. Orain, baterajotzean ikasitakoa norbere herrietan zabaltzeko asmoa dute Elizondon bildutakoek. Bideo honetan laburtu dute asteburua:
? Amaitu dugu aurtengo baterajotzea.
Bizi garen sistema sostengaezina dela ikusi dugu beste behin ere, eta bizitzak erdigunean jarriz Euskal Herria feminista eraikitzeko borroka tresnez, moldeez, gakoez, sareez... hausnartu dugu.#LurrikaraGara pic.twitter.com/8oYdwstJ3v
— Euskal Herriko Neska* Gazteak (@EH_NeskaGazteak) October 10, 2021