argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko neska* gazteek bat egin dute greba orokorrarekin
  • Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrarekin bat egin dute Euskal Herriko neska* gazteek. Gazteek bizi duten prekarizazio prozesua salatu eta bat egin dute Euskal Herriko mugimendu feministak urtarrilaren 18rako egindako deialdiarekin.

Topatu.eus @topatu_eus 2020ko urtarrilaren 07a

Urtarrilaren 30ean greba orokorra deitu du Eskubide Sozialen Kartak Hego Euskal Herrian. Pentsiodunen mugimenduak borrokan jauzi bat emateko beharra identifikatu ostean, lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko aldarripean bat egitea erabaki dute mugimenduek.

Urriaren amaieran eman zuen Eskubide Sozialen Kartak deialdiaren berri. Orduz geroztik, hainbat mobilizazio eta ekimen egin dira, greba komiteak sortu dira auzo eta herrietan eta hainbat eragile eta sektorek bat egin dute proposamenarekin. Tartean, ikasle eta gazteak. Ikasle eta gazte mugimenduetako hainbat kidek agerraldia egin zuten abendu amaieran Gasteizen grebarako arrazoi eta aldarri propioak plazaratuz.
 
Euskal Herriko neska* gazteek  bat egin dute greba orokorrarekin.  Zabaldutako irakurketan azaldutako moduan, "kapitalaren mesedetara egindako sistema honetan gazteok prekarizazio prozesu gordina bizi dugu eta hau are latzagoa da zapalkuntza heteropatriarkala jasaten dugunongan". 
 
Martxoak 8an edo bestelako proiektuetan lan eginez erakutsitako moduan, "neoliberalismoaren oldarraldi berriak ekarritako prekarietateari hortzak erakutsi eta bizi proiektu duin baten alde borrokan" dihardute neska* gazteek. Indarrak batzeko eta kolektiboki erantzuteko garrantzia azpimarratu dute. 
 
"Ahots propioz" eragiteko asmoz, greba komiteetan parte hartzera deitu dituzte neska* gazteak. "Guri dagokigu hauek feminismoz busti eta gazte aldarrikapenak mahai gainean jartzea". Bat egin dute mugimendu feministak urtarrilaren 18an egindako deiarekin. Eta amaitzeko, greba feminista izan dadin, zaintza lanen kolektibizazioa ezinbestekotzat jo dute.