argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Neska* Gazteek Usurbilen egingo dute urriko Baterajotzea, greba orokor feministarako antolatzeko
  • Urriaren 13, 14 eta 15erako deitu dituzte neska* gazteak, Utopiak lehertzeraino lelopean, grebari ikuspegi propioa emateko eta artikulatzeko. Asteartean aurkeztu dute aurtengo Baterajotzea, eta azpimarratu dute sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak kolektibizatzeko baliatuko dituztela egun horiek. Zaintza sistema errotik aldatzeko beharra berretsi dute.

Leire Artola Arin 2023ko apirilaren 18a
Usurbilen egingo dute urrian Neska* Gazteen Baterajotzea. Argazkia: Euskal Herriko Neska* Gazteak.

Udazkenerako iragarri zuen Mugimendu Feministak greba orokor feminista, eta asteartean, Euskal Herriko Neska* Gazteek jakinarazi dute horri ikuskera eta proposamen propioak emateko Baterajotzea antolatu dutela urriaren 13, 14 eta 15erako, Usurbilen. Gazte feministentzat espazio bat sortu nahi izan dute: “Dugun potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko".

Grebaren aurrean euren behar eta proposamenei tokia egin nahi diete: “Mundu ikuskera propioa zabaldu dezagun eta iritzi sortzaile izan gaitezen”, zehaztu dute. Mugimendu Feministaren irakurketarekin bat eginez, zaintza sistema errotik aldatzean jarri dute azpimarra, eta iraultza feminista aldarrikatu dute: “Sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatzera, hausturak kolektiboki antolatzera eta utopiak lehertzera gatoz”, nabarmendu dute Baterajotzearen aurkezpenean.

Mugimendu Feministaren azken urteetako “mobilizazio gaitasun ikaragarria” goraipatu dute, eta datorren greba ere bide beretik doala baieztatu: “Antolatzen gabiltzan greba honek izango duen potentzialtasunaz eta eztanda gaitasunaz baliatuko gara errotiko aldaketak eragin eta exijitzeko”. “Utopia propioak” eraikitzeko unea dela aldarrikatu dute eta “ezkutatu nahi duten gerra” ikusaraziko dutela nabarmendu, iraultza feminista eginda.

Zaintza lanek esplotatuta

“Krisi anizkoitzaren erpinetako bakoitza zorroztu” den garaiotan, neska* gazteek ohartarazi dute zaintza lanen pribatizazio eta merkantilizazioan sakondu dutela enpresek, erakunde publikoek eta gizonek. Zaintza lanen eremua esplotazio eremu sexualizatu eta arrazializatua dela salatu dute eta horri aurre egitera deitu: “Esplotazio egoeran inposatzen diren zaintza-lanei planto egingo diegu”.

Hain zuzen, "sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialak bizirauteko beharrezko tresna" gisa definitu dituzte emakumeen zaintza lanak eta haien merkantilizazioa: “Gure gorputzen esplotazioari esker produzitu eta erreproduzitzen da”.