argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko museoak, normalitate berriari ateak zabaltzen
  • Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko museo ugari zabalik daude dagoeneko. Nafarroan eta Araban, berriz, asteartetik aurrera hasiko dira bisitariak jasotzen.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 01a

Hasiak dira Euskal Herriko zenbait museo normalitate berriari egokitutako bisitak baimentzen. Aurreikuspenen arabera, gehiago izango dira astelehenetik asteazkenera bitartean zabalduko direnak.

Museoetako zuzendaritza taldeek ohartarazi dutenez, bisitak segurtasun neurri zorrotzak errespetatuz bete beharko dira. Neurrion artean aurkitzen dira gorputzeko tenperatura behatzea, erakusketak ibilbide jakin batzuen baitan jarraitzea, bi metroko distantzia errespetatzea eta maskarak erabiltzea. Horrez gain, areto bakoitzean neurriak betearazteaz ziurtatuko diren zaintzaileak egongo dira.

Bizkaia

Sartaldean Guggenheim, Arte Ederren museoa eta Alhondigako erakusketak ikusgai daude gaurtik aurrera. Bilboarte, Hontza Museoa eta Gernikako Bakearen Museoa ere zabalduko dituzte.

Lapurdi

Iparraldean Miarritzeko Saint-Eugenie kripta, Kanboko Arnaga Etxea, Baionako Euskal Museoa eta Antton Abadiakoaren gaztelua ikusgai daude gaur-gaurkoz.

Gipuzkoa

Sortaldean Donostiako Tabakalera baino ez dago erabilgarri oraingoz. Dena den, asteartetik aurrera hiriburuko San Telmo Museoak eta Getariako Balentziaga Museoak, Euskal Itsas Museoak, Igartubeiti Baserriak eta Zumalakarregi Museoak jarduera berreskuratuko dute apurka-apurka.

Araba

Arabako museoek asteartetik aurrera egingo dute keinu berbera, hala nola, Artiumek, BiBatek, Arte Ederren Museoak eta Santxotena Tailer Museoak.

Nafarroa

Nafarroako Foru Erkidegoan asteartetik aurrera bisitatu ahal izango dira Nafarroako Museoa, Karlismoaren Museoa eta Oteiza Museoa.