Bilbon burutuko da irailaren 21 eta 22an, doakoa izango da eta hitzaldiak, tailerrak, zinema emanaldiak, haurrentzako jarduerak zein argitaratze-azoka hartuko ditu bere baitan.
Ursula K. Le Guin-ek 1966an idatzitako Rocannon’s World eleberritik hartu dute Arrate Hidalgo, Laura Lazcano, Laura Gaelx eta Laura Huelin antolatzaileek jaialdiari izena ematen dion terminoa, Le Guin-ek zeukan “indarra, zolitasuna eta irudimenaren gaitasun eraldatzailearekiko konfiantza haustezina” zein honek utzitako ondarea “ohoratu” asmoz. “Ansible”, azaltzen dutenaren arabera, argi-urteko distantziak gaindituta berehalako komunikazioak ezartzeko bidea ematen duen gailu edo dispositiboa da.
“Sexu rolak zientzia-fizkioan espazio-ontziaren kroskoko metala bezain aldaezinak dira, eta emantzipazioa, hitz ezezaguna”. Sam Lundwall idazle, itzultzaile eta argitaratzaile suediarrak 1971. urtean emandako iritzi hori gaur egungo errealitatearekin bat ez datorrela deritzote jaialdiaren antolatzaileek, zientzia-fikzio feminista, queer eta dekoloniala zein feminismoa bere horretan “une eztia bizitzen” ari direla baiteritzote.
Emakumeak literatura genero honetan aspalditik aritu badira ere, azken urteetan aitorpena lortuz joan direla azaltzen dute antolatzaileek, eta ekarpen horiek “agerian jarri eta ospatu” nahi dituztelako abiatu dute jaialdia. “Ikuspuntu eta pertsonaien aniztasunek imajinagarriaren mugak hedatzen duen genero bat aberasten dutelako. Gure genealogiari omenaldi bat egin eta ahots berriak entzun nahi ditugulako. Ba al zatoz gurekin?”, luzatzen dute gonbita.