Abenduaren 14an Iruñeko Katakraken aurkeztu dute Izarkom. Euskal Herri osoan telefono zerbitzuak eta Interneterako sarbidea eskainiko dituen lehen telekomunikazio operadorea izan nahi du.
Ekonomia sozial eraldatzailean oinarrituta, Izarkom kooperatiba sortu dutela iragarri du atzo Iruñeko Katakrak liburu-dendan. Olatukoop sareko kide, Euskal Herria osoan telefonia mugikorra, finkoa eta Internet zerbitzuak eskaintzen hasiko dira.
Interneta oinarrizko eskubide gisa dela argi dute, eta beraz, produktu komertzial gisa eskaini beharrean, “Euskal Herriko edozein biztanlek Interneterako sarbide duina izateko bermea” da Izarkomek lortu nahi duena. Operadore transnazional bakoitzak sare propioa izatea zentzurik ez dutela diote, eta beraz, telekomunikazio sare libre, neutralak eta partekatuak sustatu nahi dituzte. Horregatik, herritarrei eskatzen diete proiektua babestea, parte izatea, kooperatibakide izatea eta ez bezero huts bilakatzea. Tokian tokiko eragileekin hartu-eman handia izan nahi dute.
Urtarrilean telefonia mugikorrerako zerbitzua ematen hasiko da eta handik gutxira Internet finkoa. Mugikorren zerbitzua eskaintzeko Orange sarea erabiliko du kooperatibak Hego Euskal Herrian eta Lapurdi, Zuberoa eta Baxenafarroan lan egiteko hornitzailearen bila ari dira momentuz.