argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Kontseilu Sozialista aurkeztu dute, komunismoa hegemoniko bihurtzeko asmoz
  • Aurrerantzean Mugimendu Sozialistaren erreferente politiko nagusia izango den antolakunde berria aurkeztu dute. 1.500 lagunetik gora bildu ditu Eibarko Astelena pilotalekuan eginiko ekitaldi poliikoak, Gedarrek jaso duenez. Alternatiba sozialista antolatzeko beharraz jardun dira, eta komunismoak programa politiko gisa duen “gaurkotasun handia” azpimarratu dute. Hala, “komunismoa langileon artean hegemoniko bihurtzeko” egingo du lan EHKS-k.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 18a
Eibarko Astelena pilotalekua, jendez lepo // Argazkia: Gedar

Hainbat urtetako lanaren eta garapenaren ondorio gisa sortu dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS). Larunbatean Eibarko Astelena pilotalekuan aurkeztu dute aurrerantzean Mugimendu Sozialistaren erreferente politiko nagusia izango den antolakunde berria, 1.500 lagun baino gehiagoren babesarekin, Gedarrek jaso duenez. Bozeramailetza lanak egingo ditu antolakunde berriak, eta “komunismoa langileon artean hegemoniko bihurtzea” du helburutzat.

Alternatiba sozialista bat antolatzeko beharraz eta komunismoak programa politikotzat duen gaurkotasunaz jardun dira ekitaldi politikoan, “gaurdanik balio etiko eta moral berri batzuetan oinarritutako gizarte eredu bat eraikitzeko” bidean. Hala, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista “ongizate unibertsalaren alde egingo duen forma politiko bat” izango dela azpimarratu dute. Norabide estrategikoa jasotzen duen dokumentu bat ere argitaratu dute: Estrategia sozialista berria (pdf).

Alderdi parlamentarioei kritika: antolakuntza independentea

Egungo arku parlamentarioko alderdi guztiek beren proiektu politikoa “eredu kapitalistaren barnean” txertatzen dutela salatu dute, langileria “erreferente politiko baten faltan” aurkitzen dela argudiatuz. Langileriak bizi duen “miseriari” aurre egiteko “eredu kapitalistaz kanpoko” proposamenik ez dagoela gaineratu dute argitaratutako oharrean, eta alderdiok “ogi apurrak banatzera eta agintari kapitalisten mandatuak exekutatzera” mugatzen direla seinalatu. Hori dela eta oligarkien zein politikari profesionalen alderdietatik kanpo antolatzeko beharra azpimarratu dute: “Kontseilu Sozialistak ez dio politikari profesionalen alderdien ereduari jarraituko: bere egitekoa, orain arte bezala, langile klaseari tresna politikoak eskaintzea izango da, gero eta jende gehiago antolakuntza sozialistara batu dadin”.

Gizarte eredu sozialista dute aukera errealtzat, “basakeria kapitalista geldiarazteko baldintza bakarra” baita: “Sozialismoaren aldeko hautu zabal eta kontzienteak gizatasuna ematen dio mundo honi, eta borroka iraultzailearen baitan soilik ulertu daitezke azken mendeetan langile klaseak lortu dituen konkistak”.