argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko joaldunak Mutiloan elkartuko dira larunbatean
  • Euskal Herriko joaldun talde guztien arteko harremana indartzeko asmoz, Euskal Herriko Joaldunen Festa ospatuko dute ekainaren 18an Nafarroako Mutiloan.

ARGIA @argia 2016ko ekainaren 15

2002an antolatu zuten Joaldunen Festa lehenengo aldiz Iruñeko Txantrea auzoan. Beraz, aurtengo jaiarekin 14 urte beteko dira Euskal Herriko joaldunen arteko koordinazioa eta harremana lantzen hasi zela. Hasierako urteetan Nafarroan antolatu zen jaieguna: Ilunberri, Atarrabia, Lizarra edo Berriozarren. Handik urte batzuetara Arabara ere salto egin zuen, Laudio edota Gasteizera.

Euskal Herriko Joaldunen Festara lurralde osoko joaldunak joaten dira. Ituren eta Zubieta herrietan gordetako ohitura aspaldi hedatu zen Euskal Herriko txoko askotara. Gaur egun euskal geografia osoan sortu dira joareak astintzen dituzten taldeak: Bizkaiko mendebaldean, Nafarroako Erriberan, Pirinioetan, Arabako lautadan edo Gipuzkoako kostaldean, esaterako. Hartara, jaiegunean ehun joare bikoteren soinua zuzenean entzuteko aukera izango da.

Arangurengo joaldunen txanda

2016ko jaia Arangurengo Joaldunak taldearen ardurapean antolatuko da. Arangurengo Ibarreko Joaldunak –Mutiloa, Labio eta Aranguren herrietako kideek osatua– Irulegi euskara taldearen bultzadaz sortu zen 2014ko azaroan.

Hauxe da larunbateko jaiegunerako antolatu duten egitaraua: