Azaroaren 7 eta 8an iraganen da topaketa Iruñeko planetarioan. Parte hartzeko izen emate fasea irekia dute eta azaroaren 3ra arte iraunen du.
Aldaketa globala Euskal Herrian nola hezurmamitzen den ezagutaraztea dute Natur Zientzien IV. Topaketaren antolatzaileek helburu. Hain zuzen, klima larrialdiaz hitz egiterakoan konkretuki Euskal Herrian ondorioztatu kalteak izanen dituzte aztergai. Bestelako ingurumen gatazkak ere ukanen dituzte hizpide: "Izan ere, tokiko ingurumen arazoak isilpean geratzen dira maiz, klima larrialdiari lotutako mezuen artean estalita".
Hona hitzaldi zein mahai-inguruen bidez jorratuko dituzten gaiak: lurzoruen erabilera aldaketak; dibertsitate genetikoaren galerak; elikadura burujabetza; aldaketa globala ingurumen hezkuntzan txertatzearen onurak; komunikabideetan ingurumen arazoek duten oihartzuna, eta abar.
Natur taldeek, ikerketa taldeek, erakunde publikoek zein naturzaleek haien ikerketen berri emateko aukera izango dute IV. topaketa honetan ere. Poster bidez informatu beharko dute eta parte hartzeko izena urriaren 26a aitzin eman beharko dute. Gogotsu daude antolatzaileak: "Saio irekia dugu, malgua, eta guztion ekarpenekin ziur euskal ikerlarien aurkikuntzen, elkarteen lanen eta tokiko ingurumen arazoen bozgorailu bikaina izanen dela".
Topaketari buruzko informazioa (baita poster saioei buruzkoa ere) www.nztopaketa.eus webgunean jartzen dabiltza antolatzaileak –EuskalNatura elkarteko eta UEUko kideak–.