argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko ikurrak kendu dituzte Atarrabiako pilotalekuan, Nafarroakoa izan ezik
  • Martxoaren 5ean zabaldutako auto batek armarria “kentzea edo ezabatzea” agindu zuen, “jarrera politiko baten aldeko posizionamendua” dela eta “neutraltasun politikoaren aurka” egiten duelako. UPNk jarri zuen salaketa, eta Atarrabiako alkate Mikel Oteizak (EH Bildu) adierazi du “euskal kulturaren adierazpen kulturala” dela.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 09a
Nafarroako armarria bakarrik utzi dute, eta “Euskal Herria” jartzetik “euskal pilota” jartzera pasa da. Argazkia: Euskalerria Irratia

Martxoaren 5ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko (TSJN) Administrazioarekiko Auzietako epaimahaiak baztertu egin zuen Atarrabiako Udalak 2023ko iraileko epai baten aurka jarritako errekurtsoa. Epaiak udalerriko udal pilotalekuan margotutako Euskal Herriko armarria ezabatzeko agintzen zuen. Hori dela eta, Atarrabiako pilotalekuan Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Zuberoa eta Lapurdiko armarriak ezabatu ditu udalak, Nafarroakoa utzi du, eta gainontzeko espazioak hutsak utzi ditu. Armarriaren azpian “Euskal Herria” ezabatu eta “euskal pilota” jarri dute. Atarrabiako alkate Mikel Oteizak adierazi du hainbat aukera aintzat hartu ondoren, jatorrizko armarriaren zati bat mantentzea erabaki dela, ezabatutako lurraldeen falta nabaritzeko helburuarekin, Euskalerria irratiak informatu duenez.

Auzitegiak zabaldutako prentsa-oharrean adierazi zuten armarria udal pilotalekuan egotea “jarrera politiko jakin baten aldeko posizionamendu gisa agertzea” dela, eta botere publikoek “izan behar duten neutraltasun politikoaren aurka” egiten duela. Oteizak adierazi du ez dela adierazpen politiko bat, “euskal nortasunaren adierazpen kulturala baizik”. UPNk jarri zuen salaketa armarria jarri eta 10 urtera, Naizek informatu duenez.

Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Zuberoa eta Lapurdiko ikurrak ezabatu aurretik armarria. Argazkia: EH Bildu

 

Armarria “mezu bisuala” TSJNrentzat

TSJNren aurretik, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ere armarria kentzea agindu zuen. TSJNren arabera, armarriak “sinbolo gisa, hartzaileari mezu bisual bat bidaltzea esan nahi du”. “Mezu bisuala esanahiz beteta dago, eta horien zati bat, gaur egungo testuinguru juridiko, politiko, administratibo eta sozialean, oso urrun dago apaindurazko helburu batera, edo historia, kultura edo kirol-errealitate hutsen izendapenera mugatzetik”, adierazi zuen TSJNk.

Auzitegiak ez du ukatu "Euskal Herria" terminoa erabiltzeko aukeretako bat “neutroa eta ez alderdikoia” izan daitekeela, baina jarduera politikoei erreferentzia egin die: “Era berean, ezin da ahaztu Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoan integratu nahi duen jarduera politiko nabarmena, eta gaur egun existitzen ez den eta zazpi lurraldeak barne hartzen dituen errealitate juridiko politikoa eratzeko asmo legitimoa ere”.