argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko I. Topaketa Ekologistak antolatu dituzte mugimendu ekologista berrantolatzeko
  • Mugimendu ekologista antolatu eta diskurtso bateratua osatzea, eta Alternatiben Herria ekimena babestea izango dira topaketaren helburuak. Maiatzaren 19 eta 20an izango dira Ziordiako Amaraunan.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 18a
'Natura Gure Ardura' lelopean AHTaren aurka egindako zuhaitz landaketa eguneko argazkia

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak barne hartzen duen ingurumen arloko Natura Gure Ardura taldeak antolatu du asteburuan Ziordian egingo den topaketa. Taldeen arteko koordinazioa hobetu, datorren urtera begira bizpahiru ekintza bateratu antolatu edota Euskal Herri mailako talde ekologista berria sortzea bilatuko dute, mugimendu ekologista indartzea xede.

Topaketak taldeen arteko kolaborazioak nolakoa izan beharko lukeen hausnartu eta aurrerantzean garatu beharreko estrategia zehazteko tailerrak barne hartuko ditu. Horretaz gain, ingurune-medikuntza, desobedientzia, ekosozialismoa eta esparru juridiko-teknikoa izango dituzte hizpide antolatu dituzten hitzaldietan.

Klima aldatzera beharrean, sistema aldatzera bideratuta dauden helburuak ditu ardatz momentu honetan Natura Gure Ardura taldeak. Izan ere, “eremu sozialari, baliabide naturalei eta lurraldeari dagokionez kapitalaren erasoen ondorioak geroz eta larriagoak dira”. Natura eskubidedun subjektutzat hartu beharra aipatzen dute, baita bizitza erdigunean jartzeko pertsona, animalia eta baliabide naturalen arteko erlazio berri baten alde antolatu beharraz ere.